"Erailketa matxistekin batera, emakumeen aurkako sexu bortizkeria eta eraso fisikoak dira gizon eta emakumeon arteko desorekaren adierazgarri latzenak. Indarkeria matxistak, ordea, aurpegi asko dauzka eta ezinbestekoa da hau errotik desagerrarazteko lan egiten jarraitzea. Horregatik, idatzi hau baliatu nahi dugu, herritarroi zein erakunde publikoei gai honen aurrean erabateko konpromiso eta inplikazioa eskatzeko. Amaitzeko, erasoa jasan duen pertsonari erabateko babes eta elkartasuna adierazi nahi diogu", adierazi dute Arrasateko Emakumeen Mundu Martxatik.
"Arazo politiko"
Arrasateko EH Bilduk, berriz, azpimarratu du asteburuko erasoak "frogatzen" duela azkenaldian "gertakari larri hauen gorakada bizi" dela Arrasaten. "Lehen mailako arazo politikoa dugu eta EHBilduk Azaroak 25eko edo Martxoak 8ko konpromisoak berretsiz beste pauso bat ematera animatzen ditu herritarrak, salatu ditzagun eraso guzti guztiak", adierazi dute.
Ildo beretik gaur iluntzeko agerraldian parte hartzera animatu gura dituzte arrasatearrak, "eraso gehiago izan ez dadin indarra egitera. Guztion ardura da eta guztion artean geldituko dugu", esan dute.