"Haurrari edo gazteari eskaintzen zaiona aurretik helduak irakurrita izatea garrantzitsua da"

Jon Berezibar 2016ko api. 2a, 10:31
Asun Agiriano, bibliotekan.

Haur eta gazte bibliotekako arduraduna da Asun Agiriano. Hans Christian Andersenen jaiotegunarekin bat eginez, gaur ospatzen da Haur eta Gazteentzako Nazioarteko Liburuaren Eguna. Eskura dagoen eskaintza zabala dela dio Agirianok eta ezinbestekoa dela haurrari istorio interesgarriak ematea, didaktismo hutsetik aldenduta. Hainbat gomendio ere egiten ditu.

Klasikoek bizirik jarraitzen dute txiki eta gazteen gustuetan?

Txikien artean baietz uste dut, hor ditugu maitagarrien betiko ipuinak:Txano Gorritxo, Edurne Zuri, Zazpi antxumeak, Hiru txerritxoak. Hauek dira ezinbestekoak haurrentzat. Haur literatura garaikidean ere – azken 50 urtetakoa,esaterako –,  liburu ederrak ditugu: Carle, Lobel, Browne, Sendak…  Horiek ere arrakastatsuak dira haur eta gurasoen artean. Gazteen literatura gustuak definitzea beste kontu bat da. Batetik eskolak agindutako irakurketak dituzte eta hor sartzen dira obra klasikoak; hortik aurrera, aisialdirako irakurketak modan edo ahoz-ahoko gustuen araberakoak dira. Horietan gazteak bilduma desberdinetan murgiltzen dira, fantasiazkoak, amodiozkoak, abenturazkoak eta abar: Gose jokoak ala Crepúsculo bezalako liburukoteak funtzionatzen dute gaur egun klasikoek baino gehiago.

Zeintzuk dira osasuntsu jarraitzen duten liburu edo egile klasikoak?

Haurrenak asko, aipatu ditut egile batzuen obrak, izenburu bat aipatzearren: Nola dastatu ilargia edo Gose handiko beldarra. Gazteentzat oraindik ere Asterix, Mortadelo y Filemón eta superheroien komikiak asko irakurtzen dira.

Zergatik eutsi diote hain ondo, gustuak asko aldatu direla ematen duen garaiotan?

Haurra edo gaztea tontotzat ez dutelako hartzen. Pentsatzen duen pertsona bat da haurra, ez etengabe ikasten dabilen ikaslea. Irakurlea istorio batekin dibertitzen bada ala edozergatik kontakizuna interesatu bazaio, liburuak denboran irauteko aukera izan dezake.

Literatura berriari dagokionez, eskaintza zabala dela ikus daiteke, baina kalitatea, ekoizpenaren kopuruarekin bat doa?

Eskaintza zabalegia da, eta hor kalitatea/kantitatea ez dago beti orekatua. Ondo informatua eta aukeraketa egoki bat egitea dira egiteko funtsezkoak, eta jakina!: irakurtzea. Haurrari edo gazteari eskaintzen zaiona aurretik helduak irakurrita izatea garrantzitsua da.

Arrakasta berezia izan duen fenomenorik egon da azken urteetan?

Gazteen artean fenomeno ugari daude merkatuan: lehen aipatuez gain, oraingo beste  fenomeno bat da Anna Todd-en After, mundu osoan miloi irakurle dituena. Haurren artean oraindik ere Geronimo Stilton edo Greg gizajoaren egunkariak irauten du modatik harago.

Itxura asko aldatu da ipuin eta ilustrazioetan. Banpiroak, zonbiak eta halako asko ikusten dira, nagusien moda jarraituz, agian. Baina kontakizunek, gai aldetik, izan dute aldaketarik?

Bai, egungo gaiak jorratzen dira. Fantasiazko kontakizunetik aparte, eleberri sozial arloa ugaria da , gizarteak eskatu egiten ditu eguneroko gaiez irakurtzea. adibidez atzo amaitu nuen Llámame Paula. Bertan protagonistak identitateaz galdetzen dio bere buruari, transexualitatearen gaia ikusten da bertan.  

Tematika eta ardura berriak, hortaz, txertatzen dabiltza?

Bai, idazleak prest egongo litezke gai horietaz idazteko baina askotan, batetik, argitaletxeen zentsura gainditu behar dute eta, bestetik, bitartekariak (eskola, gurasoek) jartzen dituzten oztopoak.

Ikuspegi pedagogikotik aldaketak egon dira? Nola landu sentimenduak, lehiakortasuna, naturarekiko maitasuna... Horiek lantzeko liburu asko ikusten dira, ezta?

Baloreen oinarritutako kontakizunak eskatzen dira eta argitaletxeek, eskolak, gurasoek… horietan jartzen dute ikuspegia; liburu horiek , askotan, literaturatik urrun badaude ere. Nago irakurleak eraikitzeko ez dugula didaktismora jo behar, bestela, irakurlea aspertzeko arriskua dugu.

Euskarazko idazleak eta euskal ekoizpena, itzulpenak kanpo, zer egoeratan aurkitzen dira?

Niretzat egun, kalitate literarioa kontuan izanik, euskal haur eta gazte literatura ez da goi-mailakoa. Oro har, eta salbuespenak salbuespen, ez zaizkit idazleak aukeratzen dituzten gaiak interesatzen. Askotan enkarguzko lanak dira edo  lehen aipatu dugun didaktismoan erortzen diren kontakizunak ditugu merkatuan. Idazle handiak ditugu noizbait haur eta gazte literaturari ekin diotenak baina azken urteetan helduentzat diren sormen lanetan murgilduta daude eta hor igartzen dut nik hutsunea.

Umeen arretaren jabe dira era guztietako pantailak. Ez al da liburuentzako konpetentzia gaindiezina jada?

Ez, aisialdia disfrutatzeko beste era bat da haurrentzat, halere, gurasoek neurtzeko kontu bat dela iruditzen zait. Pantaila ez da haurtzaindegia eta helduok, askotan, horrela erabiltzen dugu. Bibliotekatik pantailaren mundua ez da konpetentzia bezala hartzen, liburu elektronikoen irakurleak asko dira eta beti ere paperezkoen bila hurbiltzen dira.

Formatu hibrido ugari ere ikusten da haurrentzako, liburu-aplikazioak, mugikorrerako bertsio bizidunak, ur-azpian irakurtzekoak.. zernahi. Nola ikusten duzu zuk joera hau? Onuragarria da ala irakurzaletasuna sustatzeko beste gauza bat da?

Tresna horiek guztiek irakurtzeko helburua badute, ongi etorriak izan daitezela; nik uste onuragarriak direla, aukera ezberdinak bere neurrian, esajeratu barik.

Guraso-familiek ze baliabide dute eskura, orientaziorako eta zaletasuna sustatzeko?

Orientaziorako informatua egotea ezinbestekotzat jotzen dut, liburutegiak eta liburu-dendak ezagutzeko tokiak dira, bertan denbora igarotzeko tokiak, aisialdirako lekuak. Gurasoei aholkatuko nieke, adibidez, Donostian berriki zabaldu duten Tabakalerako Ubik zentroa ezagutzeko: www.tabakalera.eu/eu/ubikOn-line informatuta egoteko badago Euskal Herrian web interesgarri bat: www.galtzagorri.eus. Euskal haur eta gazte literatura eta irakurketa ditu ardatz nagusiak eta horien inguruan hainbat egitasmo lantzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak