Jarraian, Arrasateko EHEk kaleratutako prentsa oharra osorik:
"Mozal legeari bai! Ez dakigu zein den garbitasun ordenantzaren benetako helburua. Ez dakigu, ez delako inor gurekin bildu. Guk ere, Arrasate garbi bat nahi dugu. Baina ez da hori eztabaida. Eztabaida, kalearen erabilera eta aldarrikapenaren uztarketan kokatzen da.
Ez dugu luze joko.
Guk ere Arrasate garbi eta txukuna nahi dugu. Baina denok dakigu ordenantza batek ez duela arazoa konpontzen, ezta gutxiagorik ere. Afera, kasu honetan, bestelakoa da. Ez da garbitasun gai bat, eta gobernuko kideek soberan dakizue hori.
Arrasateko EHEko kideok euskararen aldeko aldarria zabaltzen jarraituko dugu. Paisaia linguistiko euskalduna nahi dugu, arrasatear euskaldunak eroso bizi nahi dugulako gure hizkuntzan.
Ordenantzan aipatzen diren neurri zigortzaileak gure jardunean zuzenean eragiten dute. Ezagunak ditugu isun, mehatxu...eta guztiak.
Baina ez ezazue pentsa inondik inora gure ekimenak eta salaketa mozteko bide izango denik ordenantza hau. Udal gobernuak ez bezala, guk, eta gu bezala pentsatzen duten herritarrek, hizkuntza zapalkuntzari aurre egitea ezinbesteko jotzen dugu.
Horregatik kalean gure ideiak zabaltzen jarraitzea beharrezkoa da. Hala ere, Arrasateko kaleetan euskaraz bizi nahi dugun herritarrak beste behin ere kaltetuak irtengo gara, oraingoan garbitasun araudiaren aitzakian. Mozal legeari bai! Bai, zera!".