Irrikaz gaude zuena ikusteko. Gogoan dugu gehienok ikusi genuen mutilen bertsioa. Zuk ere ikusita izango duzu noski.
Noski, Ordiziako estreinaldian izan nintzen. Harrezkero beste hiruzpalau aldiz: Madrilen... hemen edo han harrapatu ditut bai.
Berriz ere beste emanaldi batzuk egiteko deia jaso Bartzelonatik eta neskena egitea pentsatu. Otsailaren 23an Ordizian egin zenuten, Arriagan estreinatuta.
Estreinaldia Ordizian izan behar zen baina Arriagan ere sekulako luxua. Bost emanaldi egin genituen eta beteta. Oso pozik gaude, 14 bat egin ditugu eta denetan betetzen ari gara. Poz pozik gaude ez delako erraza. Hemendik aurrera ere asko ditugu. Aste honetan beste lau. Urte osorako lotuta ditugu emanaldiak. Pentsa guretako zelako luxua den.
Barre egiteko aitzakia bat baino gehiago ematen duzue nahiz eta barrerako baino negarrerako arrazoiak ematen dituzten gaiak lantzen dituzuen.
Bai horixe. Komedia puntu horrekin idatzita dago eta muntaia ere oso bizia da. Jendeak oso ondo pasatzen du. Guk ere barreari eusteko lanak izaten ditugu.
Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Teresa Calo eta Itziar Lazkano dituzu taularen gainean lagun...
Jo baietz! Denak. Lan egin izan dut Loli eta Teresarekin baina beste biekin ez eta banuen gogoa. Orain denak batera. Fernandok iaz deitu zidanean galdetzeko ea denen artean egingo genuen Florido, kristoren poza hartu nuen eta badakit besteei ere gauza bera gertatu zitzaiela. Oso pozik ari gara denak.
Jatorri eta familia oso ezberdinetako ikasleak zarete, eskola berean elkartuko zaretenak. Gaur egunetik abiatuta elkartuko zarete berriz ere txikitako ikasgelan. Gaur egun bost emakume heldu zarete.
Gogoratzen ditugu zelakoak izaten ziren eskolak eta orduan banan-banan kontatzen ditugu umeak bagina bezala. Bakoitzak bere pertsonaia du eta beste pertsonaia bat ere egiten du: maistra, moja, gimnasiako maistra, nik apaiza...
Zu Ana Mari Agirre zara, familia burgesetik datorren neska.
Nahiko neska bihurria. Dendari batzuen alaba.
Antzezlenean kontatzen dituzunak Elenak bizitakoak dira?
Zerbait bai, ez hainbesterako. Hemen, Zumaian, mojen eskola batera joaten ginen. Euskaraz berba egin ezin hori, mezak, errosarioak... Horiek bai. Obra honetan joka ibiltzen dira. Nire eskolan ez zidaten jotzen baina beste lagunei bai. Zerbait bizi izan dugu, bai. Ez horrenbeste obra hau garai zaharragoetakoa delako, baina zerbait bai.
Horrek laguntzen du paperean hobeto sartzen edo dagoeneko duzuen eskarmentua nahikoa da edozer antzezteko?
Obra hau egina zegoen eta pertsonaiak ere oso argi zituzten. Nolakoa den, zer egiten duen eta nola mugitzen den Mireiak oso argi zuen. Zure erremintetatik pertsonaia hori ateratzen duzu baina Mireia beti gainean dagoela.
Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo dira zuzendariak. Nola moldatu zarete eurekin?
Fernando Bartzelonan dabil gehiago, han une berean katalanez estreinatu zuten-eta. Aste berean estreinatu dira biak. Han antzerki areto baten tinko daude egunero emanaldiak egiten eta gu hemen boloz-bolo.
Mireia Gabilondorekin ondo?
Fenomeno! Kristoren pazientzia du, badakizu zer den bost emakumerekin lan egitea….
Mireiak ere eskarmentu handia du antzerkigintzan. Gogora ekarriko dugu berak zuzendu zuela (Fernando Bernuesekin batera) orain 20 urte estreinatutako Florido Pensil
Buruz daki dena. Oraingoa neskei buruz izan denez, eszena berriak daude baina bestela puntuz-puntu den-denak (mugimendu guztiak…) Mireiak argi zuen nola izan behar zen. Bordatuta zuen. Guk berak esandakoak jarraitu dugu eta bakoitzak bere ekarpenak egin.
Zuen agendak antolatzeko ez da erreza izango, ezta?
Orain Gurutze eta Itziar beste obra bat muntatzen ari dira: Sueño de una noche de Verano Bilbon, eta nahiz eta emanaldia izan, goizetan beste hori entseatzen dute. Horrela izaten da beti. Hasi ginenean, Loli eta biok Eskamak Kentzen telesaila grabatzen ari ginen eta orduan ere horrela antolatzen ginen. Lan honetan dena batera etortzen da eta beste batzuetan ezer ez.
Zuk aipatu duzu Eskamak Kentzen telesaila. Gustura?
Oso gustura. Hemen eta Euskal Telebistan lan egitea luxua da. Madrilen egon naiz denboraldi baten eta jota bukatu nuen. Goizeko 04:30ean gora, 05:15ean bila etortzen ziren. Eta etxeratu orduko gaueko bederatziak baziren behintzat. A destajo! Eta horrela ari dira, gaztea izanez gero… Baina nik ez nuen horrela jarraitu gura izan eta Zumaiara bueltatzea erabaki nuen. Heldu eta Florido pensil egiteko eskaini zidaten. Sekulako poztasuna hartu nuen. Zazpi urte ziren antzerkia egin barik nengoela eta lagunekin gainera! Eta handik gutxira ETBtik deitu zidaten telesaila egiteko proposatzeko.
Argi dagoena da 2016a hanka onarekin hasi duzula eta horrela bukatu deizula opa dizugu. Domekan, baina Arrasaten izango zara. Hamaika aldiz zapaldutako antzokia duzu Amaia antzokia.
Aspaldi joan Gabe nago beste kontu batzuekin ibili gara atzera eta aurrera. Amaia beti izan da plaza ona eta gustura joango gara.
Hemen euskaraz egingo duzue.
Bai, hala da, baina euskarazko bertsioan ere gaztelerazko zatiak ere badaude. Gure arteko elkarrizketak euskaraz dira baina eskola garaiak antzezteko orduan gazteleraz egiten dugu eskolan horrela egin behar izaten genuen-eta. Beraz, lasai, euskara ondo ez menperatzen ez dutenek ere, algara ederrak egingo dituzte.