Umore garratzarekin gerrei buruz kantuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko mar. 10a, 10:00
'Guerra' ikuskizuna egingo dute Arrasaten.

Musikal bat da; ez da, baina, ohiko ezaugarriak dituen musika ikuskizuna. Antzerkiaz eta musikaz gainera, ikus-entzunezkoak ere batu ditu Pepe Miravetek zuzendu duen Guerra-k.

Agertokian izen handiko hiru musikari ezohikoa duten aktore paperean sartuta: Albert Pla, Fermin Muguruza eta Raul Fernandez Refree. Amaia Udal Antzokian eskainiko dute, martxoaren 13an, 19:30ean. Sarrerak 20 eurotan daude salgai, antzokian eta Arrasate.eus atarian.

Osagai askorekin egindakoa

Formatu berria da agertokian dauden hiru protagonistentzako, Albert Pla aspalditik antzerki munduan badabil ere. Berritzailea ere badela gaineratu du Fermin Muguruzak: "Prestatu duguna ez da musika edo antzerkia bakarrik. Ikus-entzunezko sekulako eskaintza dugu. Era berean, dagoen eskaintza zinematografikoa ere aipatuko nuke: Plak eta biok aldez aurretik grabatutako hainbat irudi. Arlo musikalari begiratuta, hor daukagu Refreek jaurtitzen duen musika oinarria; horren gainean abesten dut nik. Dramaturgia ere badago. Oso gauza berritzailea da, horixe da askok esan digutena. Inpaktu handikoa. Amorru handia dauka. Gaurkotasun izugarria du planteatzen dugun guztiak".

Gerrak, istorioaren abiapuntu

Aktore bakoitza pertsonaia bat da: Albert Pla hiria salbatzera datorren armada humanitario bat da, eta Fermin Muguruza hiria da. "Zabalik uzten dugu zein hiri izan daitekeen. Bakoitzak irudikatuko du kontatzen duguna hiri zehatz baten, eta, zergatik ez, herriren baten ere izan daiteke. Hiria naiz orokorrean: hiri bukatu gabea, hiri harroa, hiri handia, metropolia. Garrantzitsua da hiri zehatz bat ez dela esatea. Refree, berriz, pertsonaia abstraktua da. Ez dakit,  Espainiako Estatuan, Ibex 35 izan daiteke", dio Muguruzak.
Gerra da izenburua eta baita kontakizunaren abiapuntua ere. "Gaur egungo gizartearen adibiderik garbiena da gerra, kapitalismoaren beharrak eta eraginak ikusteko; izan ere, gizartearen zati bat hobeto bizi ahal izateko, gizartearen beste zatian gerrak probokatzen eta eragiten dituzte. Hortxe aterako dira gero: armen industria, kontrolak, hesiak, beldurra. Umorea badago; hori bai,  umore garratza. Gure burua nola engainatzen dugun eta beste batzuetan nola engainatzen gaituzten kontatuko dugu".

 

------------------------------------------------

Fermin Muguruza: "Hasieran zaila egin zitzaidan antzokietara moldatzea"

Black is beltza eta New Orleansko proiektuarekin dabil buru-belarri. Azkeneko hilabeteetako Fermin Muguruzaren agendan, baina, Guerra ikuskizunak ere toki berezia du.

Albert Plak asmatutako istorioa da. Hark deitu zizun zurekin egin gura zuelako esateko.

Telefonoz deitu eta dena kontatu zidan. Hasieran, oso eszeptiko hartu nuen. Handik egun batzuetara materiala bidali zidan eta segituan erabaki nuen baietz, proiektuaren parte izan behar nuela. Ikusgarria da muntaia; oso gustura nago orain.

Aktore lanetan zer moduz moldatu zara?

Nire pertsonaia oso nirea egin dut. Nire kantatzeko modua dut, baina, horrez gainera, antzeztutako uneak ere badaude. Horretarako, aurrez ohituta ez nagoen etxeko-lanak daude: posizioak eta testuak ikasi… Gustura nago emaitzarekin. Batzuei arrotza egingo zaie, akaso, niri gazteleraz kantuan entzutea.

Ezohiko aretoetan ari zarete. Zelan antzokietan?
Entseguetan hasieran oso zaila egin zitzaidan. Ohituta nago monitore lerro bat izaten aurrean, eta oraingoan, berriz, pixka bat biluzik sentitu izan naiz. Hasieran, monitoreen babes gabe ohitzera zaila egin zitzaidan. Publikoa ere oso ezberdin dago: eserita, isilik.

50 emanaldi inguru egin dituzue eta Arrasatekoa izango da Euskal Herriko azkena.

Iaz uztailean estreinatu genuen Bartzelonako Grec jaialdian. Harrezkero Euskal Herrian hainbat egin ditugu, baina ez gura genituen guztiak, areto handietan egiteko ikuskizuna delako. Hemengoez gainera, Palma de Mallorcan, Sevillan, Bartzelonan hainbat alditan... Apirilean Madrilera goaz hamar egunerako. Gero, Zaragozara; eta maiatzean, Hego Amerikara.

Ohituta zaude jende ezberdinarekin lan egiten. Zer moduz moldatu da hirukotea?

Aspaldiko lagunak gara. Veintegenarios kantua egin genuen orain urte batzuk Plak eta biok. Refree-rekin ere kantu pare bat grabatu nituen, Rockdelux aldizkariaren hamabosgarren urteurrenerako bilduma batean. Beti egon gara erne bakoitzak zer egiten duen jarraitzen. Oraingoan, elkarrekin lan egitea egokitu zaigu eta oso pozik gaude.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak