2014. urtean Arrasateko Udalak Ekin Emakumeak Elkartearekin elkarlanean “Mundutik Arrasatera, Arrasatetik mundura” egitasmoa jarri zuen martxan. Proiektu honen helburua kultur aniztasunaren aberastasuna azaleratzea da eta herritarren elkar-ezagutza sustatzea. Izan ere, gaur egun, jendarte zabala dago mundutik Arrasatera etorri direnak. Honek, Arrasate mundura irekitzea ekarri du: munduko hainbat lurraldeetako bizilagunak osatzen dute Arrasate eta kaleetan hainbat hizkuntza entzun eta ohitura eta janzkera anitzak ikusten dira.
Kultur anitzeko gizartean, kultur elkartrukeak berebiziko garrantzia du gizarte oparoagoa lortzeko eta bizikidetza errazteko. Horrek, gizabanakoaren ikuspegi zabalagoa ahalbidetzen du, eta aldi berean, beste balore batzuk indartzen ditu; hala nola, besteekiko errespetua eta norberaren identitatea sendotzea.
Elkar ezagutza eta aitortza lantzeko hainbat ekintza barnebiltzen ditu egitasmoak. Udal Liburutegiak, Gizarte Zerbitzuak eta Ekin Emakumeak Elkarteak elkarlanean “Mundutik Arrasatera ipuin kontaketak” egitasmoa jarri zuten martxan azaroan. Munduko txokoetatik etorri diren arrasatearrek haien jatorrizko herrietako ipuinak kontatuko dituzte, eta saio bakoitzean herrialde bat izango da gonbidatua. Lehenengo saioan Saharako tradiziozko ipuinak entzun ahal izan ziren arabiarrez, euskaraz eta zeinuen hizkuntzan. Bigarrenean berriz, Venezuelako ipuinak izan ziren protagonistak.