Egoera horren aurrean, Udalak argitu du ez duela kontratatzen dituen enpresen langileriaren aurrean erantzukizun legalik: "Txosten tekniko eta baldintza plegu baten baitan egindako esleipena izanik, Udalak ezin ditu bere eskumenekoak ez diren erabakiak hartu".
Hortaz, gogora ekarri dute ez duela kontratatzen dituen enpresen langileriaren aurrean erantzukizun legalik: "Legalki Udalak ezin du langile horien gaineko erabakirik hartu, baina bere eskumenetik harago, inplikazio aktibo eta zuzena izango du gai honetan. Bitartekaritza lanak egingo ditu, enpresak eta langileek elkartze-puntuak aurki ditzaten".
Udaletik gaineratu dute jakitun direla lan kargak eta kontratazio kopuruak behera egin dutela, krisiak edota beste faktoreek eraginda, eta horrek, "ezinbestean" egoera zaildu eta adineko pertsonei zerbitzu ematen dieten emakume langile horiengan eragin duela "zuzen-zuzenean".
Irabazirentzat, "obligazioa"
Bestalde, Irabazi koalizioak uste du Udalaren "obligazioa" dela enpresa horretako langileen lan-baldintzak bermatzea: "Enpresa azpikontratatuak izateak ezin du Udala salbuetsi lan-baldintzak errespetatzea exijitzeaz. Onartezina da kontratazio publikoek langileen egoera okertzeko balio izatea", adierazi du Irabaziko bozeramaile Juan Luis Merinok. Halako egoerak ekiditeko Arrasateko Kontratazio Behatokia sortzea proposatu du Merinok.