Maitasuna "hizki larriz" erakusten duen antzezlana

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 4a, 10:00

Familiei zuzendutako 'Amour' izeneko obra izango da ikusgai bihar arratsaldean Amaia antzokian.

Amour antzezlana taularatuko dute Tartean eta Marie de Jongh taldeek bihar, martxoak 5, Amaia antzokian. Arratsaldeko bostetan izango da hitzordua, eta sarrerak bost eurotan daude salgai, bai Arrasateko Udalaren webgunean, baita leihatilan ere. Jokin Oregi plaentxiarrak idatzi eta zuzendutako obra da, eta oraingoa izango da obra Debagoienean taularatuko duten lehendabiziko aldia. Amaia antzokia euren ikuskizunak egiteko “primerako plaza” dela uste du zuzendariak.

Familia osoari zuzendutako ikuskizuna da Amour, eta bost urtetik gorakoentzat gomendatuta dago. Lagun talde baten istorioa kontatzen du, eta protagonistak ume garaian eta zahartzaroan irudikatzen ditu.  

“Maitasunari buruzko istorio bat da, baina maitasuna hizki larriz”, hala dio zuzendariak. “Ildo nagusia bi emakumeren arteko maitasun istorioa da, zahartzaroan gauzatzen dena. Lehenik, umetan ikusten ditugu, jolasean, helduak imitatu guran.

Haserretuko dira umeak, eta bi neskatila horien arteko haserre horrek hirurogei urte iraungo ditu, eta gero salto bat egiten dugu zahartzarora. Eta hor, maitasunari aukera emango diote”, azaldu du Oregik. Baina hori ez da maitasun istorio bakarra, hainbat maitasun istorio desberdin kontatzen baititu antzezlanak.

Testurik gabe

Istorio horiek testurik gabe, hitzik erabili gabe kontatuko dituzte aktoreek, hori baita Marie de Jongh taldearen ikur bereizgarrietako bat: “Esaten den moduan, inportanteena ez da esaten duguna, baizik eta egiten duguna".  Azpimarratu du “denek ulertzeko moduko ikuskizuna” dela.

Errekonozimenduak

Abenduaren 23an estreinatu zuten Bilboko Arriaga antzokian Amour, eta honezkero bi sari potolo jaso ditu. Batetik, Euskal Produkziorik onenari Ercilla Saria. 2015ean Bilbon izandako antzezlan guztien artean egin zuten aukeraketa. Bestetik, joan den astean bertan jaso zuen Xixonen egin duten Feten, Europako Haurrentzako Antzerki Azokan sari nagusia. Sariketa hori estatu mailan garrantzitsuena da; eta mundu osoko taldeek hartzen dute parte. Horri esker antzezlana kanpoan aurkezteko aukerak zabaldu daitezkeela uste du Oregik: “nik uste dut sariak berak ere oihartzuna emango digula eta uste baino lan gehixeagorekin aterako garela”.

Heldu zein umeentzat

Haur eta gurasoei zuzenduta dago Amour, eta guztiek gozatzeko moduko antzezlana prestatu dute, Oregik dioenez: "Emanaldietara umeak ez dira bakarrik joaten, helduekin baizik. Guk ez dugu nahi helduak aspertzea. Guztiak emozionatuko dituen ikuskizunak eskaintzea gustatzen zaigu, nolabait esperientzia partekatzeko". Gaineratu du beti saiatzen direla obrak “arrastotxo bat, hausnarketarako bide bat” utz dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak