Bukatzear da Arrasate literatur lehiaketetara lanak aurkezteko epea. Martxoaren 16ra arte izango da horretarako epea. Debagoienean bizi, lan egin edo ikasten duen edonork har dezake parte, eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake. Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak antolatzen du, eta helburu nagusiak literatur zaletasuna eta euskarazko sormena sustatzea dira.
Nola aurkeztu lanak
Lehiaketara lanak aurkezteko bi bide daude: posta elektronikoz edo paperean inprimaturik. Lehenengo kasuan, aed@aedelkartea-com helbidera bidali behar dira lanak. Hala, dokumentu batean lehiaketara aurkeztutako idazlana joango da, lelo batez sinatuta eta egilearen izen barik. Beste dokumentuan, berriz, idazlanak daraman lelo bera eta egilearen datuak zehaztu beharko ditu parte hartzaileak (datu horiek dira: izen-abizenak, jaiotze data, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta ikasturte honetan zein mailatan dabilen).
Bestalde, lanak paperean inprimatuta aurkezteko, idazlanaren hiru kopia entregatu behar dira, guztiak lelo berarekin sinatuta, eta horrekin batera gutun azal itxi bat, aurrez aipatutako datuekin. AED elkartearen egoitzara bidali edo eraman behar dira lanok: Pablo Uranga 4, behea. 20500 Arrasate.
Oinarriak
Lanak euskarazkoak izan behar dira, orijinalak eta inoiz saritu edo argitaratu gabeak. Gaia librea da. Idazlanak tarte bikoitzez eta orrialde bakar batetik ordenagailuz idatzita egon behar dira.
Diziplinak eta kategoriak
Literaturaren barneko hiru disziplina desberdin landuko dira lehiaketan: ipuina, poesia eta bertso paperak, eta kategoriak ikasturtearen arabera banatu dituzte antolatzaileek.
Lau kategoria izango dira diziplina bakoitzean: LH5-LH6, DBH1-DBH2, DBH3-DBH4 eta Batxilergoa eta nagusiak. Hurrenez hurren, 100, 125, 150 eta 200 euroko sariak jasoko dituzte irabazleek; bigarrenek, berriz, opari bat jasoko dute kategoria guztietan.
Lanen luzerari dagokionez, bertso paperen kasuan, halakoa izan beharko da: LH5-LH6: hiru bertso; DBH1-DBH2: lau bertso.;DBH3-DBH4: bost bertso, eta Batxilergoa eta nagusiak: sei.
Ipuinen kasuan: LH5-LH6 eta DBH1-DBH2: orrialde bat edo bi; DBH3-DBH4: 2-4 orrialde, eta Batxilergoa eta nagusiak: 3-5.
Bukatzeko, poemen kasuan honakoa izan beharko da lanen luzera: LH5-LH6: 20 lerrotik gora; DBH1-DBH2: 25 lerrotik gora;DBH3-DBH4: 30 lerrotik gora, eta Batxilergoa eta nagusiak: 35 lerrotik gora.