EH Bildu, Baleike eta Irabazi Udal taldeekin batera herriko eragile ezberdinek hartu zuten parte garbiketa ordenantzaren aurkako bilera irekian. Eragileek eskatzen dute eztabaidan parte hartzea eta ordenantza ez onartzea eztabaida hori eman arte. Horrez gain, arautegi berriaren gaineko informazio zehatza nahi dute, euren jardunean modu zuzenean eragiten duela uste dutelako. Hasiera baten, martxoaren 1eko osoko bilkuran onartu behar zen ordenantza baina Udal Gobernuak atzeratu egin du bilkura.
Foro berri bat
Gaia Obra eta Zerbitzuetako batzordetik atera eta udal talde guztiak batuko dituen foro baten landu nahi du Udal Gobernuak. Foro horren lehen bilera gaur, eguena, arratsaldean egingo da. Orain arte ordenantzaren aurka agertu direnek prozesu parte-hartzaile bat eskatzen dute.
Orain arte jarraitu den prozesuaren moduak desegokiak izan direla adierazteaz gain, adierazpen askatasuna mugatzen duela uste dute eta ez dute onartzen "modu prebentiboan" ezartzea "zentsura" Arrasateko kaleetan. Izan ere, atzoko bileran ere gogorra ekarri zutenez, arautegiak ez du zehazten nork erabakiko duen aldarrikapen batzuk onartzea eta beste batzuk zigortzea.
Atzoko bileran adierazi zuten, aldi berean, Zumaian eta Soraluzen, esaterako, gai berbera dagoela mahai gainean.
Atxikimendurako bideak
Era berean, herritarrei atxikimendua adierazteko bi bide ireki dituzte: mozalordenantzarikez@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita edo Jai Zale tabernako zerrendan izena emanda –otsailaren 29ra arte–.