Mendaroko Createch Medical enpresarekin eta Donostia Ospitaleko Aho eta Aurpegi Masaileko Kirurgiako sailarekin elkarlanean jardun du: "Ikerketari eduki teorikoa emateaz gain, aplikazio praktikoa eman nahi genion. Horregatik egin genituen Createch Medical eta Donostia Ospitalearekin akordioak. Oso interesgarria izan da esperientzia", argitu du.
Diseinuak hobetzeko erabilgarria
Hortz inplanteak, inplanteen gaineko egiturak eta mikroinplanteak jasaten dituzten indar, tentsio eta deformazioak simulatzea lortu dute: "Emaitza hauekin elementu horien portaera nolakoa den hobeto ezagutzen da. Ezagupen hauek guztiak kontuan hartuko dira, bai ingeniaritza arloko diseinuetan, bai medikuntza eta odontologia arloko aplikazioetan". Eta Garitaonaindiak proposatu du hortz inplanteen gaineko egiturak egoera errealago batean aztertzeko modu berria: "Hori erabilgarria izango da enpresendako, diseinuak hobetzeko aukera emango dietelako. Izan ere, enpresa askok egiten dituzte hortz inplanteak eta guztiek gura dituzte ahalik eta efizientzia handieneko produktuak: hezurrarekin duen kontaktuan ahalik eta deformazio eta tentsio gutxien sortzea, osagaiek eta egiturek hortz inplanteari indarrak ahalik eta hobekien transmititzea…".
Lanean jarraitzeko asmoa
Ikerketa garrantzitsua da ingeniariaren esanetan: "Bizi garen gizartean osasuna eta ongizatea geroz eta maila altuagoan daude. Ildo horretan, argi dago hortz inplanteen zein aho eta aurpegi masaileko kirurgian ere geroz eta aurrerapen gehiago emango direla".
Eta orain arteko egindako lanarekin jarraitzeko asmoa agertu du, badagoelako "zer hobetu eta non ikertu": "Nazioarteko aldizkarietan etengabe argitaratzen dira azterketa eta emaitza berriak. Guk, orain arte egindako lana oinarri hartuta, lan hauekin jarraitzeko asmoa dugu".