Jose Luis Amerigo: "Testamentua egiteak gastu eta buruhauste asko aurrezten ditu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ots. 19a, 08:00
Jose Luis Amerigo asteleheneko hitzaldia hasi aurretik.

Arrasaten 19 urte daramatza notario lanetan Jose Luis Amerigok. Astelehenean hizlari lanetan aritu zen Kulturaten, harendako egunerokoaren parte diren testamentua eta herentzia oinarri hartuta. Goraino bete zen areto nagusia eta saioaren antolatzaile San Felipe Apostol Elkarteak erabaki zuen hitzaldia errepikatzea, leku berean, otsailaren 29rako (18:30). 

Zertan dira ezberdinak testamentua eta herentzia?

Jende askok bi termino horiek nahastu egiten ditu eta ez da harritzekoa, asko dute-eta komunean. Labur azalduta: testamentua pertsonak bizirik dagoenean egiten du, hiltzen denean bere ondasunekin zer egin nahi den zehazteko. Herentzia, berriz, testamentu hori oinarri hartuta pertsona hil ostean egiten dena da. Hori da oinarrizko azalpena. 

Eta zergatik gomendatuko zenuke testamentua egitea?

Hasteko eta behin, argi utzi gura dut ez dela nire asmoa hemendik lana lortzea edo dirua ateratzea; oso dokumentu merkea da, gainera. Borondatezkoa da, eta ez da 40 eurora heltzen. Baina testamentua egitea gomendatzen dut gauzak askoz argiago geratzen direlako, gastu eta buruhauste asko aurrezten direlako. Eta beti esaten dudana, nahiz eta cursia dela iruditu: mundu honetan geratzen direnendako maitasunezko ekintza bat da. Dena askoz argiago geratzen da. 

Gai zabala eta korapilatsua izan daiteke askorendako. Nola gerturatu halako saio bat ezer ez dakienari?

Hitzaldia ez da ordu eta erdi baino luzeagoa, bestela astuna egiten da. Bloke ezberdinak ditu eta bloke bakoitzaren amaieran galderen tartea irekitzen dugu. 

Zeintzuk dira bloke horiek?

Sarrera bezala, testamentuaren eta herentziaren arteko ezberdintasunak nabarmentzen ditut. Gero, EAEko zuzenbide zibileko 5/2015 legearen –lege berri horren harira dator hau guztia– nobedade nagusiak jorratzen dira. Hortik aurrera, nobedade horiek oinarri hartuta, Bizkaiko foru legean aurretik zeuden eta orain EAE osora zabaltzen diren testamentu eta agiri motak landuko dira otsailaren 29ko saioan ere: hiltzeko arriskuan egiten den testamentua, testamentu mankomunatua, komisarioaren bidez egiten den testamentua –Aramaion, Bizkaiko foru legea indarrean dutenez, antzinatik erabiltzen dute– oinordetza-itunak... 

Legetik harago ere joango zara...

Bai. Legearekin zerikusirik izan ez arren, auto-tutoretzaren gaia ere landuko dugu, adibidez. Oso interesgarria dela deritzot; pertsona batek, etorkizunean alzheimerra edo bestelako dementziaren bat agertzen bada, ahalmen batzuk beste pertsona bati eman ahal dizkio. Egoera triste eta zail hori heltzen bada, askoz eramangarriagoa izango da. Amaitzeko, bizi-testamentua ere jorratuko dugu; izen horrekin ezagutu arren ez da testamentu bat. Atzera bueltarik ez duen egoera baten aurrean pertsonak adierazten du ez duela nahi modu artifizial baten bizirik mantentzea. Horretarako erregistro bat dago Gasteizen. 

Nola ikusten duzu saioa antolatzea?

Oso ondo. San Felipe Apostol Elkartea, apur bat gogorra iruditu arren, heriotzarekin kontaktuan dago, eduki honekin guztiarekin gertatzen den moduan. Ikaratu egiten gaitu, baina heriotza baino naturalagorik mundu honetan...

Hitzaldian adineko jendea izan zen nagusi, nabarmen. Zergatik?

Esperientziak diosta gero eta gazte gehiagok egiten dutela testamentua. Baina hitzaldiarena logikoa da, gazte askok urrun ikusten duten gaiak direlako. Denbora da arrazoia. Plazer bat izan zen asteleheneko saioa; egoterik ez zutenei, hilaren 29an ikusiko gara!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak