Ander Lipus: "Nire bizipenetatik ateratako fikziozko eta amodiozko obra da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ots. 19a, 10:00

Administrazioaren trabekin eta aurreiritzien harresiekin topo egiten duen amodiozko istorioari buruzkoa da Etxekoak. Etzi, domeka, Arrasaten eskainiko dute, 19:30ean. Sarrerak leihatilan eta Arrasate.eus atarian eros daitezke, 10 eurotan.

Gustura orain arte egindakoekin?

Antzerkian ederrena publikoa gerturatzen dela ikustea da; eta, momentuz, ezin gara kexatu.

Jon Gerediagari eskatu zenion zuk bizitakoak idazteko. 

Aspalditik nuen poeta eta idazle lagunarekin berriz lan egiteko gogoa. Horrelako baten, nire amodiozko istorioarekin joan nintzaion. Gaur egun nire emaztea dena, kanpotarra, kubatarra da. Harekin maitemindu nintzenean sekulako oztopoak izan nituen hona ekartzeko eta horrek gogoeta parada eman zidan: zergatik guk samur bidaiatu ahal dugun eta eurek ez? Nire bizipenetik ateratako fikziozko obra da, beraz. 

Maddi (Maika Etxekopar) Afrikatik etxera itzuli denean abiatzen da.

Mamadou afrikarrarekin maitemindu dela kontatu die familiakoei etxera bueltatzen denean, eta hura ekartzeko laguntza eskatu die. Familia horretan bizi dira: amama (Kristiane Etxaluz), Goio osaba tentela (Javier Barandiaran) eta ni, hau da, osaba Imanol. Aurreiritzi asko dituzten arren, Maddiri laguntzea erabaki dute.

Familiaren ikuspuntutik kontatzeko eskatu zenion Gerediagari. 

Immigrazioaren gaia nahi nuen bereziki ukitu. Traba administratiboez gainera, guztiok ditugun aurreiritziak ere gura nituen ekarri. Familiako kide bakoitzak bere erara bizi du Maddiren maitasun istorioa. Goio super pozik dago; printzesa eta printzeen ipuin eder bat moduan ikusten du. Imanolentzako, berriz,  dena askoz konplikatuagoa da; sarritan erabiltzen du hitz hori.

Helduentzako egindako lana da?

Ez zait gustatzen gure obrak adinka klasifikatzea. Hezkuntza transmitituz, nire ustez, teatroa denentzako, komunitate osoarendako, egiten den zerbait da. Pentsatu eta sentitzen dugun heinean, gauza guztiak guztientzako dira.

Euskal antzerkia egiteko zure modua sortu duzu.

Egiten duzun horretan sinistea eta bide berriak zabaltzea da, nire ustez, egin behar dena, beste hainbatek ere egiten duten moduan. Siniste hori da euskarazko teatroa ere egin daitekeela eta sare bat sortu ahal dela. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa izango du euskal antzerkiaren itsasontziak. Bere garaian euskaraz eta gazteleraz egiten genuen; gaur egun, hautua egina dugu. Era berean, geografikori ere garrantzia ematen diogu; ezinbestekoa da, egongo garen moduan, Maulen, Iruñean edo Donibane Lohizunen egotea.

Baikor zara antzerkigintzak bizi duen egoeraz?

Goitibehera handi bat da hori. Batzuetan arrastaka zaude eta beste batzuetan arrakastaz. Ni positiboa naiz; gozatzen dudan ofizioa da, eta antzerkiak gizarteari on handia egiten diola sinisten dut. Gauza askotarako balio du antzerkiak; beraz, lubakietan jarraituko du euskal antzerkiak bere tokia izan dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak