Zapatuan egingo da, Seber Altube plazan, otsaileko baserritarren azoka (09:00-14:00). Ohikoa denez, sasoian sasoiko produktuak izango dira bihar ere, neguko askotariko produktuak. 17 postu izango ditu azokak, eta horietatik 15 saltokiak dira: Arrasateko zazpi postu, Debagoieneko lau, beste eskualdeetako bi eta tresneria saltzeko bi saltoki.
Gainera, aurten Kilometroak jaialdia antolatzen diharduen Bergarako Aranzadi Ikastolako arduradunek denetariko materiala saltzeko postua jarriko dute. Geratzen den postua etxean erabilitako koipearekin xaboia egiteko tailerrarendako izango da.
Xaboia eginez, olioa berrerabili
Xaboia egiteko tailerra izango da, hain justu, otsaileko azokaren bereizgarria. Idurre Aranguren eta Nerea Altuna arituko dira irakasle lanetan, 10:30etik 12:30era. Modu praktiko baten azalduta, bi xaboi mota egiteko teknikak landuko dira: eskuzko garbiketarako xaboi-takoa eta garbigailurako xaboi likidoa. Helduendako tailerra izango da, bereziki prozesuan erabiltzen diren osagai kimikoak direla-eta. Aurretik izena ematea komeni da eta gaur da horretarako azken aukera; interesatuek BAZera edo Udalaren webgunera jo dezakete. Plaza mugatuak dira. Euskaraz izango da, eta doakoa. Parte hartzaileek eraman beharko dute amantala, gomazko eskularruak eta kristalezko tarro bat bere taparekin.
Arangurenen eta Altunaren arabera, estimatzen da bataz beste etxebizitza baten litro bat olio botatzen dela etxeko isurbideetatik. Eta botatzen den litro bakoitzeko naturako 1.000 litro ur kutsatzen dira, ur horiek araztea "oso zaila eta garestia" izanik: "Olio horrekin xaboi naturalak egitea birziklatzeko modu oso baliagarria da gure ingurunearen eta osasunaren zaintzarako", diote.