"Arrasaten bizi den Jabi Zabala laguna Eibar futbol taldearen zale amorratua da eta erdi bromatan komentatzen genuen entrenamendu saio batera joango ginela Atxabalpera, baita joan ere", dio Goikoleak. Joan den egubakoitzean egon ziren, eta jakinik japoniar batek jokatzen duela liburua eramatea bururatu zitzaien: "Haren abizenaren ideograma ere agertzen da liburuan eta euskaraz zelan ahoskatzen den erakutsi genion", irribarretsu eman zizkietela eskerrak adierazi du. "Ondoren Mendilibarri ere eman genion, eta erdi bromatan esan ikas zezala japoniera harekin ulertu ahal izateko". Izan ere, itzultzailearekin ibiltzen da beti Inui: "Taldeko beste kide bat dela iruditu zitzaidan, eta harreman estua duela gainerako jokalariekin ere".
Hizkuntza gaitzik ez
Goikolearen esanetan ez dago ikasteko hizkuntza zailik: "Japoniera urruti dagoen hizkuntza da eta gureak ez du inolako antzekotasunik harekin, horregatik gaitza den itxura dauka, baina ez dago hizkuntza gaitzik". Hain zuzen Euskaldunondako japoniera ikasteko modurik errazena leloa jarri zion liburuari izenburuaren azpian Goikoleak.