Anger taldeak oraingo zapatuan, otsailaren 13an, Sute perfektua biraren amaiera ospatuko du Arrasateko gaztetxean, Azken sute dantza, izenburupean. "Euskal Herriko Hardcore talde handienetakoa" den Fly Shit talde bergararra ere izango da oholtza gainean, eta kontzertu ostean, Dj Basarana eta Dj Pontxek girotuko dute gaua. 22:30ean hasiko da kontzertua. Taldeko kideek dei egin diete zaleei Arrasateko gaztetxean haiekin batera ospatzeko azken emanaldiarekin.
Aurkezpen birak izan duen harreraz galdetuta, "gure mailan harrera oso ona izan duela esan daiteke", dio Arkaitz Biainek, Angereko abeslariak. Taldekoak eurak ere oso gustura ibili dira: "kontzertuetan jendea gustura baldin badago, eta norbera ere bai, horrek emaitza positiboa ekartzen du", adierazi du.
Zehaztu gabeko geldialdia
Azken sute dantzaren ondoren agertokiak utziko ditu Angerek. Euren asmoa "zehaztu gabeko denbora baterako geratzea da", eta ez dakite itzuliko diren: "planteatu genuena izan zen bira bukatzea, eta hemendik aurrera, ikusiko dugu".
Nabarmendu du, hemezortzi urtez talde moduan aritu ostean, "lagun talde bat" direla, eta "laguntasunak eta sormenak" batzen dituela. "Aurrera begira, laguntasuna hor egongo da, jakina, eta sormenerako gogoa eta aukerak baldin badaude, horri eutsiko diogu; baina hori ez bada etortzen ere, ez da ezer gertatzen, lagun talde horrek existitzen jarraituko duelako, eta guretzat hori da garrantzitsuena"; hala azaldu du Angereko kideak.
Etxean hasi eta bukatu
Duela urtebete pasa hasi zuten Sute Perfektua bira, eta Arrasateko gaztetxean bertan eman zuten lehen kontzertu handia. Orain, agurra ere toki berean egingo dute, lagunez inguratuta. "Leku desberdinetan ibili gara, baina etxean jotzea beti da polita, eta bira bukaeran, are gehiago".