2015eko ekitaldian banku-negozioak izan dituen ezaugarriak laburtu ditu Laboral Kutxak: hain zuzen, sektorea “sakon” berregituratu da, tasak oso txikiak izan dira, eta lehia handia egon da bankuen artean; ondorioz, ohiko negozioaren marjinek oztopo handiak izan dituzte eta sarrera errepikariak sortzeko eragina izan dute, hau da, hainbatean behin errepikatzen diren diru-sarrerak; hileroko nomina bat, adibidez.
Dena dela, Laboral Kutxaren esanetan, bankuen krisiaren ondorengo aroa da honako hau; bereziki bankuen kaudimenean (solbentzian), berankortasunean (morositatean) eta likidezian arazoak eragin zituen krisiaren ondorengoa.
Ingurune lehiakor berri eta “oso zorrotz” horretan, Laboral Kutxak finantza-jardueraren marjinen gaineko presioa “konpentsatzea” lortu du, ustiapen (esplotazio) gastuak kontrolatzeari eta bere kreditu-zorroari esker.
Interes-tasak zerotik gertu egon arren, emaitza-kontuak 309 milioi euroko interes-marjina du. Komisioek, dibidenduek eta beste finantza-eragiketa batzuek ekarritako sarrerei esker, 464 milioiko marjina gordina lortu du, 2014an baino %10,4 txikiagoa.
Administrazio-gastuak %4,8 txikitu ditu
Laboral Kutxak “oso zorrozki” kontrolatu ditu transformazio-kostuak: aurreko ekitaldiarekin alderatuta, administrazio-gastuak 12 milioi euro txikitzea lortu du, %4,8 alegia, eta 241 milioikoa izan dira.
Entitatearen aktiboen kalitatearen eta ekitaldian erregistratutako berankortasun txikiaren ondorioz, zuzkidura-beharrek behera egin dute, 82,9 milioi hain zuzen, 2014an baino %30,6 beherago geratzeraino. Hala ere, estaldura-mailak handitzen eta horniduretarako bere ohiko zuhurtzia-politika erabiltzen jarraitu du Laboral Kutxak eta horren adibide, SAREB sozietatean duen inbertsioa %100 estali izana.
Horrenbestez, 119,6 milioi euroko mozkin gordina lortu du Laboral Kutxak, eta, zergak kendu ondoren, 110,3 milioi euroko emaitza bateratuarekin amaitu du ekitaldia, 2014an baino %0,9 handiagoarekin.