Salmenta oso ondo doan arren, oraindik badaude 'Rigoletto' operarako sarrerak

Leire Kortabarria 2016ko ots. 5a, 15:07
Opera 2001 taldea, 'Rigoletto' antzezten.

Ozenki elkarte lirikoaren eskutik otsailaren 24an antzeztuko den Rigoletto opera ikusteko sarreren salmenta oso ondo doa, arduradunen esanetan; hala ere, oraindik 100 bat sarrera gelditzen dira eta zaleak animatu nahi ditu elkarteak horiek erosi eta Verdiren opera klasikoaz gozatzeko.

Sarrerak ohiko bideetatik daude salgai: Kutxabanken bidez, Amaia Antzokiko txarteldegian, Arrasateko Udalaren webgunean eta elkarteari mezu elektronikoa bidalita (ozenkielkartea@hotmail.es).

Giuseppe Verdiren Rigoletto munduko opera ospetsuenetariko bat da, "edozein operazalek ikusi behar duenetariko bat, La donna è mobile bezalako aria ezagun-ezagunekin", Ozenkiko arduradun Manu Gallardoren esanetan.

Orain arte, sarreren bi herenak saldu dituzte, baina Amaia Antzokiko goiko ilaretarako txartelak dituzte oraindik. "Antzokiko edozein lekutik primeran ikusten eta entzuten da agertokian gertatzen dena, beraz, jendea anima dadila!", dio Manu Gallardok.

Ezinbesteko titulua

Ozenkiren ohiko kolaboratzaile Opera 2001 konpainiak antzeztuko du Rigoletto Arrasaten, aurretik beste opera batzuekin egin duen bezala. Ozenkiren opera guztiak ez ditu talde horrek egin: "Tosca eta Marina operak guk geuk ekoiztu genituen. Gogoa genuen opera geuk egiteko, jende berriarekin kolaboratzeko, abeslari berriekin proba egiteko. Baina, era berean, oso adi gaude opera programazioari eta oso kontuan hartzen dugu hura, eta ekarri gura ditugun tituluei begira egoten gara. Azken baten, opera bat aurrera eramatea oso ekoizpen lan handia da, diru aldetik eta lan aldetik. Gure helburua da ezinbesteko tituluak Arrasatera ekartzea, eta Rigoletto da horietako bat", azaltzen du Manu Gallardok.

Arrasaten, nazioarteko opera abeslarien interpretazioekin gozatzeko aukera izango dute zaleek. Oraingoz behintzat, eta antzezpena arte aldaketarik ez badago, honakoa da antzezle eta abeslarien zerrenda: Giulio Boschetti Rigoletto-ren rolean (baritonoa); Sonia Bellusi, Gilda-renean (sopranoa); David Baños, Mantovako dukea-ren rolean (tenorea); Tihomir Androlov, Monterone gisa (baritonoa), eta Liliana Mattei, Maddalena-ren rolean (mezzo-sopranoa). Martin Mazik izango da zuzendaria, eta Pleven-Bulgariako orkestrak joko du musika.

Opera polemikoa

Giuseppe Verdi konposatzaile italiarrak 1851n idatzi zuen opera hori, Veneziako La Fenice antzokiaren enkarguz. Inspirazio gisa, Victor Hugo idazle frantsesaren Le roi s'amuse delako drama hartu zuen. Hasieratik polemika handia piztu zuen, drama horrek errege bat gizaki ziniko eta immoral gisa aurkezten zuelako. Horregatik, drama hori Frantzian zentsuratutakoa zen eta gauza bera gertatuko zitzaion beldur zen Verdi. Garai hartan, Austriako erresumaren mendean zeuden Italiako iparraldeko lurraldeak, eta Austriako zentsoreei aurkeztu zien Verdik bere proposamena, baina ez zuen baimena jaso. Azkenean, hainbat pertsonaia, titulu eta leku izen aldatu zituen eta horrela lortu zuen operarekin aurrera egitea eta azkenean hura estreinatzea: erregearen ordez dukea zen pertsonaia immoral hura, eta istorioa Mantovako dukerrian –dagoeneko existitzen ez zena– girotuta zegoen.

Operaren alderdi garrantzitsuenetariko eta erakargarrienetariko bat protagonistaren, Rigoletto lepomakurraren pertsonaia da. Pertsonaia konplexua da eta alabarenganako maitasuna eta nobleenganako gorrotoa dario.

Oso harrera ona espero dute

Manu Gallardok azpimarratzen duen moduan, "benetako luxua" da Arrasate bezalako herri baten lan hori Opera 2001 bezalako talde baten eskutik ikusi ahal izatea. Izan ere, Opera 2001 taldearen muntaia Valentzian estreinatuko da laster eta, hori eta gero, Espainiako probintzia hiriburu nagusietatik pasatuko da. Arrasaten ere geldialdia egingo du, nahiz eta hiriburu bat ez izan.

Harrera "oso ona" espero duela dio Gallardok, orain arte Ozenkiren antzezpenek izan duten moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak