"Taldean giro ona izatea ezinbestekoa da emaitza onak lortu ahal izateko"

Xabier Urtzelai 2016ko ots. 5a, 10:11
Dragoi taldeko ordezkariak, aste barruan, Arrasaten. | x.u.

Maialen Gallardok, Maite Olidenek, Leire Ugartek, Maialen Diazek eta Araitz Altubek osatzen dute Arrasateko Dragoi gimnasia talde barruan aerobikoko boskotea. Iaz Espainiako Txapelketan lortutako emaitza errepikatzeko gogor dabiltza entrenatzen; hirugarren sailkatu ziren. Aurten apiril amaieran izango dute hitzordu handia, minutu gutxitan hilabeteetako lana erakutsi  beharko dute epaileen aurrean, baina lehenago gurean lehiatuko dira, apirilaren 9an Arrasaten izango da-eta Euskal Herriko Txapelketa, Iturripen. 

Ezustea izan zen Espainiako Txapelketan podiumera igotzea?

Maialen Gallardo: Bai, sorpresa izan zen, txapelketako araudia aldatu eta, esaterako, Espainiako selekziokoen kontra neurtu genituelako indarrak. Gauzak ondo egiteko esperantza izaten duzu, baina podiuma... itzela izan zen.

Maite Oliden: Maitek esandako moduan, podiumera igotzea ez –hamar talde ziren guztira–, baina bagenuen gauzak ondo egiteko esperantza.  

Apiril amaieran izango duzue ostera ere aurtengo edizioa. Zenbat denbora daramazue entrenatzen?

M.G.: Bada, iazko txapelketa amaitu eta gutxira hasi ginen ostera ere aurtengoa prestatzen. Hasteko, urrian Espainiako Kopa izan genuen, eta horrako egindako lanak balio izan digu aurtengorako oinarri moduan. Horrenbestez, hilabete askotako lana dago atzean.

M.O.: Eguaztenetan, egubakoitzetan eta zapatuetan izaten ditugu gimnasia aerobiko entrenamenduak, bost bat orduz, baina gehiago egin gurako genituzke.

M.G.: Izan ere, entrenatzeko leku faltan ibiltzen gara, eta hori igarri egiten da gero txapelketetan. Arrasateko Institutuan entrenatzeko leku bat uzten digute, baina ordu gehiago entrenatu gura genituzke. Aerobikoa beharrean futbola izango balitz...  

Eta hori, aerobikoa eta gimnasia erritmikoa egiten dituzuela. Bateragarri dira?

M.G.: Gimnasia erritmikoan txikitatik hasi ginen, eta guretako oso lagungarria da gimnasia erritmikoko eta aerobikoko entrenatzailea pertsona berbera izatea, batera entrenatzen garelako. Hala, gimnasia erritmikoko oinarria oso lagungarria izan da aerobiko barruan maila honetara iristeko.

M.O.: Gimnasia aerobikoan gehiago lantzen da indarra eta erresistentzia, eta erritmikoko balleta eta bertako dotorezia oso lagungarri da. 

  

Zelan aukeratzen dituzue koreografiak, musika...?

M.O.: Gure entrenatzaileak egiten du aukeraketa ia osoa, Elena Lanuzak. Gure ezaugarriak kontuan hartuta egiten du aukeraketa, eta ikusten badugu pausoren batekin ez garela ondo konpontzen, bada, entrenatzaileak moldaketak egiten ditu.  

Bost lagun zarete. Garrantzitsua izango da taldean ondo konpontzea.

M.G.: Ezinbestekoa da, oso garrantzitsua. Hasierako egunetan ez genuen gure artean konfiantzarik, baina hasieratik ederto konektatu genuen denok, eta oso ondo konpontzen gara.

M.O.: Eta txapelketetan igarri egiten da gero. Taldean giro ona baldin badago, denean igartzen da, zalantza barik.  

Zer behar da Espainiako Txapelketan parte hartzeko?

M.G.: Puntuazio kopuru bat bete behar da. Hasteko, Gipuzkoan gu gara bakarrak taldeka gimnasia aerobikoa egiten dugunak. Baina Euskadiko Txapelketan gutxieneko puntu kopuru bat bete behar da Espainiakora sailkatu ahal izateko.  

Joan den astean GOIENA paperak batu zuen bailarako gimnasia erritmikoko taldeen egoera, eta osasuntsua da, neska mordoa daude talde guztietan. Eta zergatik horren gutxi gimnasia aerobikoan?

M.G.: Nik uste dut ezjakintasunagatik dela; hau da, jendeak ez du kirol modalitate hau ezagutzen. Ez da kirol olinpiarra, eta horrek ere ez du laguntzen. Baina kuriosoa da; izan ere, Espainian, esaterako, Sara Moreno munduko txapeldun izan da hainbatetan. Gimnasia erritmikoan baino emaitza hobeak jaso izan dituzte aerobikoan.  

Iaz Espainiakoan horren lan ona eginda, aurten posible da gorago iristea?

M.O.: Gauzak ondo egin ditzakegula uste dugu, baina oso zaila da lehenengo edo bigarren sailkatzea. Iaz irabazleak Espainiako selekzioko ordezkariak izan ziren, eta onenak direlako daude selekzioan, eta bigarrenak Gasteizko lagun batzuk izan ziren.

M.G.: Bai, lehenengo bi postuak nahiko seguruak dira. Izan ere, selekziokoak eta Gasteizko Biribildu taldekoak  Espainiako Txapelketaren ondoren Koreara joango dira, Munduko Txapelketara. Horrenbestez, uste dugu dagoeneko oso maila onean egongo direla.

M.O.: Daukagun esperantza da federazioak hainbat modalitate bereiztea, esaterako, Biribildukoek ez dutelako gure modalitate berbera egiten. Hori egiten badute, ea aurrean ibil gaitezkeen.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak