Iñaki Arriaga: "Neurri gutxi batzuk hartuta lapurreta asko ekidin daitezke"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ots. 3a, 18:00
Iñaki Arriaga udaltzainburua bere bulegoan, artxiboko irudi baten.

Azken asteotan bereziki Arrasateko periferiako etxebizitzetan eman diren lapurretengatik kezka zabaldu da zenbait herritarren artean. Iñaki Arriaga udaltzainburuak dio "gorakada txiki bat" egon den arren ez dela alarmarik piztu behar. Hitzaldiak antolatuko dituzte, batez ere adinekoei begira.

Kezkatzekoa al da etxebizitzetan izandako lapurreten gorakada?

Urtarrilean sei etxebizitzatan sartu direla badakigu, batzuetan sarraila-zilindroa apurtuta eta beste batzuetan txartel edo plastiko batekin atea irekita. Azken metodo hori ekidin daiteke atea giltzaz itxita, sarrailari buelta emanda. Etxetik irteterakoan beti egin behar da hori. Gorakada txiki bat eman da, baina Herrizaingo Sailaren arabera, Arrasateko inguruetan ematen dira Euskal Autonomi Erkidegoko delitu gutxien. Beraz, ez da alarmarik sortu behar. Gainera, garai hauek izaten dira behartsuenendako garai gogorrenak eta eman ohi dira halako gorakada txiki batzuk.   

Udalak pentsatu al du lapurretak prebenitzeko zerbait egitea?

Gaiarekin kezkatuta gaude, nola ez, eta prebentziorako hitzaldi pare bat egin gura ditugu Etxaluzen. Saio dinamikoak izango dira, herritarren kezka eta zalantzak argitzeko aukera emango dutenak. Herritar guztiei egongo dira zabalik, baina batez ere adineko jendeari begira antolatuko ditugu. Herritarrak jabetu behar dira segurtasun neurri gutxi batzuk hartzera ohituz gero lapurreta asko ekidin daitezkeela.  

Zein gomendio emango zenuke etxeetako lapurretak ekiditeko?

Etxetik irteterakoan atea giltzaz itxi behar da bai edo bai. Gainera, eraikin barruan zein inguruan susmagarriak diren pertsona ezezagunak ikusiz gero Udaltzaingora deitu [943 25 20 10 edo 092]; izan ere, pasatu izan zaigu salaketa jarri ostean biktima izan denak lagunen artean komentatu duela pertsona ezezagunak edo jende arraroa ikusi duela bloke barruan. Gauza horiek esan egin behar dira salaketa egiterakoan. Lapurreta mota asko daude eta saiatuko gara hitzaldietan horiei guztiei aurre egiteko gomendio zehatzak ematen. Garajeetako lapurretak, esaterako: obratik eratorritako segurtasun neurriak ez dira nahikoak gaur egun. 

Adineko jendea ei da lapurrarendako biktima errazena. Zergatik?

Askotan oso erraz irekitzen diete etxeko atea ezezagunei. Teknikari batek atea jotzen duela? Aurrez deitu egiten dute eta beraz, ez badugu inor espero, ez da atea ireki behar. Eta noski, ateko mirilla edo behatxuloak zerbaitetarako daude. Kasu bat dut buruan, 80 urteko emakume bati egindako lapurreta: atea begiratu barik ireki, bietako batek [benetako teknikariak bakarrik egiten dute lan] baso bete ur eskatu eta bestea libre dago gura duena eramateko.      

Zer egiten du Udaltzaingoak lapurreta baten berri jasotzerakoan?

Aukera badago DNA ebidentziak jasotzeko –hatz arrastoekin, esaterako– Ertzaintza egiten da kargu, gu ez gara horraino heltzen. Izan ere, Ertzaintzarekin koordinatzen gara beti. Baina normalean ez da halakorik gertatzen, biktima etxean sartu denerako dena ukitzen dutelako. Orduan salaketa guk jaso ohi dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak