"Erakusketak oso harrera ona izan du. Jende asko hurbildu da. Oso argazki politak eta askotariko estilotakoak batu ditugula esan digute. Pozik gaude, duda barik, ikustera bakarrik ez, erostera ere jende asko animatu delako" esan dute Artgazkiko ordezkariek. Izan ere, erakusgai zeuden 45 argazkietatik 32 saldu dituzte eta agindu moduan, salmenta horietatik jasotako dirua, Aspanogi elkarteari eman diote.
Aspanogiko presidenteak, Bittor Andonegik asko eskertu du Arrasateko elkartearen oparia. "Oso pozik gaude, dirua oso garrantzitsua da bizi garen gizarte honetan baina batez ere jaso dugun elkartasun keinuak asko pozten gaitu. Elkarteko zerbitzuak hobetzeko erabiliko dugu. Oso ondo etorriko zaigu, besteak beste, Donostian jarri nahi dugun familientzako etxebizitza prestatzeko. Orain dela urte eta erdi naiz elkarteko presidente eta harrituta nago laguntza eskaintzeko jasotzen ditugun dei pilarekin. Hunkigarria da. Bihotzez eskertu nahi dut Artgazki elkartearen laguntza, eta esan gura nuke, era berean, erakusketa ikusi dudala eta sekulako argazkiak batu dituztela!".
Anibal Carmona, Aritz Gordo eta Xabier Rezabal, irabazleak
Lehiaketako irabazleak elkartetik kanpoko epaimahai batek aukeratu zituen: lehen saria Anibal Carmonak irabazi du Sensual argazkiarekin –argazki kamera baten itxurako garaikurra eta 200 euro–, bigarren saria Aritz Gordok Urkuluko koloreak erretratuarekin –garaikurra eta 100 euro– eta hirugarren saria –garaikurra eta 50 euro–Xabier Rezabalendako izan da. Azken hori ez da sari-banaketan izan eta haren lagun batek hartu du.