2015a oso urte emankorra izan zen: Aiba! mendi martxa oso modu arrakastatsuan berreskuratu zuten, herritar askok erabiltzen duten Kurtzetxikirako bide homologatua ireki zen... Hala ere, herriko bide publikoen inbentarioa behin betiko onartu izana da, Aitor Zubiaga presidentearen arabera, 2015eko "lorpenik handiena". Lan "potoloa, nekeza eta korapilatsua" da halako inbentario bat egitea: "Herri gutxik egin dute, eta asko trabatuta dabiltza. Tentsio asko eragiten ditu; joan zaitez baserritar batengana bide hori berea ez dela esatera...".
Besaideren akuilu lana ezinbestekoa izan da Arrasaten eta gainera, elkarte moduan ere baliatuko dute: "Bide zahar horiek, herri-bideak direnak, herria egiteko bidea ere emango digute. Bertako ondare kulturala, etnografikoa eta naturala ezagutzera emateko bitarteko ere izango dira".
Aisialditik harago
Joan den asteko Batzar Orokorrean onartu zuten 2016rako plana; urteroko klasikoak mantendu egingo dituzte. Menfi Film jaialdia, Mondran Bike, hileroko mendi irteerak –Ibon Irastorzak Sergio Serranori pasatu dio lekukoa antolakuntzan–, "sendo eta ilusioz" diharduen asteburuetarako irteeren lantaldearen eskaintza... Baina aisialdira begirako ekintzez harago, Besaidek oso presente dauka Arrasateko inguruen zaintza eta zabalkundea. Horren adibide dira Naturtzaindiarekin eta Udalarekin elkarlanean San Baleixon egindako herrilanak; iaz 400 zuhaitz landatu zituzten 50 lagunen artean, besteak beste.
Aurten ere jarraituko dute San Baleixo inguruan lanean, izan ere, mahaiak, panela eta beste ekipamendu batzuk jartzea da asmoa: "Gainera, Gipuzkoako Bira bertatik pasatzen da eta dagoeneko errekuperatu dugu Errege Bidea. Galduta zegoen, eta lortu dugu Elorrio eta Arrasate berriro ere lotzea". Aurten bide hori osatu nahi dute ibilbide berri batekin: institutu atzean dagoen Hidalgobaso eta Anporreta San Baleixorekin lotzea, Monterron ardatz hartuta.
Beste proiektu bat da Udalatx naturgunea: "Gure naturgune baliotsuena da, duda barik. Baina diagnostiko bat egin nahi dugu, beharren bat duen jakiteko". Gainera, Udala eta Besaide artean "ganorazko" beste bide homologatu bat (PRGI-96) gertu izango dute udaberritik aurrera.
Ingurumen Mahaia
Esku artean dituzten asmo horiei lehentasunak markatuz eta epeak zehaztuz heltzeko, Ingurumen Mahaia osatzea nahi du mendizale elkarteak: "Ondo legoke interesa duten beste eragileekin batera eskutik helduta joatea".