Jabier Muguruza: "Puntako jazz musikariekin Kataluniako auditorium baten zuzenean grabatu nuen"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko urt. 22a, 18:00

Tonetti anaiak, argitaratu berri duen hamalaugarren lana, aurkeztuko du bihar, zapatua, Jabier Muguruzak Arrasateko Amaia antzokian. Sarrerak 10 eurotan eskura daitezke antzokiko leihatilan eta Arrasate.eus atarian.

Izenburu bitxia aukeratu duzu.

Gure belaunaldikoentzako oso ezagunak izan ziren herriz herri zebiltzan pailazo horiek. Pertsonalki ezagutzeko aukera izan nuen geroago. Handik gutxira horietako batek bere buruaz beste egin zuen. Sekulako kolpea izan zen. Pailazoei omenaldia egin baino gehiago, pailazoen irudia erabilita eguneroko bizitzan egin beharreko borrokaz jardun dut. Kanpora begira itxura ona eman behar duzu, baina zure barruan dauden sentimenduak bestelakoak izaten dira askotan.  

Bilduman jasotako gainontzeko kantuek badute ezer umoretik? 

Ari naiz saiatzen azken urteotan, bereziki, umoreari leihotxo bat irekitzen, mundu ikuskeran beharrezkoa ikusten dut eta. Kantautore moduan egin dudan hamalau urteko ibilbidean, kantu guztien artean puzzle handi bat osatzen saiatu naiz. Puzzle horretan eguneroko istorioak daude.

Gerardo Markuleta poeta oñatiarrak kantu baten hitzak egin ditu.

Halaxe da, bai; sarritan aukeratu izan ditut haren idatziak. Oraingoan,  Lurraren izenak kantuaren hitzak dira harenak. Hainbat toponimoren inguruan idatzitako testua da eta Oñatiko hainbat toki ere aipatzen ditu. 

Zelako musikarekin jantzi dituzu istorio berri horiek?

Aurreko lanen pop-jazz ukituko bide intimismotik jarraitzen dut. Kasu honetan, Kataluniako auditorium baten grabatu dugu, zuzenean, puntako jazz musikariekin. Uste dut lortu dugula bilatzen nuen sonoritate konkretu hori. Oso kontent nago alde horretatik. 

Kantuan zu zeu, eta, nola ez, eskusoinua lagun duzula.

Hainbat instrumentu jotzen ditut, baina nire betiko instrumentua, haurtzarotik, eskusoinua da. Diskoaren arabera presentzia handiagoa edo txikiagoa du; baina beti dut ondoan. 

Diskoa grabatzeko izan dituzun musikariekin zatoz Arrasatera.

Kataluniatik etorriko dira David Gomez (bateria) eta Ignasi Gonzalez (kontrabaxua), eta azken urteetan alboan izan dudan Mikel Azpirozekin (pianoa) osatuko dut laukotea. Luxu handia da niretzat, eta ikusleentzako ere bai, nire ustez, formatu handian aurkeztea diskoa. Emanaldi gehienak Azpirozekin bakarrik egiten ditut. Arrasateko Udalari eskertu egin gura diot egin duen apustua.

Kantu berriez gainera, izango da zaharragoetarako tokirik?

Badaude kantu batzuk derrigorrez abestu behar direnak, aspaldiko zaleak mindu egiten dira-eta bestela. Norberarentzako ere gogor samarra izaten da batzuetan kantu zaharrak errepertoriotik erretiratzea.

Kolaborazio asko egin izan dituzu musikariekin eta idazleekin. 

Bestelako ekintza asko egin izan ditut. Bernardo Atxagak eta Gerardo Markuletak egin izan dituzten errezitaldi askotan izan naiz musika jotzen.  

Zu zeu ere idazlea zara.

Idatzi ere egiten duen musikaria naizela diot nik. Nire buruari idazle etiketa jartzea errespetua ematen dit. Orain dela urte pare bat helduentzako ipuin liburu bat argitaratu nuen; aurrez haur literaturako zazpi liburu idatzita nituen. 

Radio Euskadin ere jarduten duzu.

Oso gustuko dudan medioa da irratia. Etxean beti dago irratia piztuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak