Erreleboa Besaideko mendi irteeren antolaketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urt. 21a, 15:40
Ibon Irastorza eta Sergio Serrano Besaide elkartearen egoitzaren atarian, makila aldaketa irudikatzen.

Besaide Mendizale Elkarteko mendi irteerak herriko mendizaleei begira antolatzen hamarkada pasa egin ostean Sergio Serranori (Oñati, 1979) utzi dio lekukoa Ibon Irastorzak (Deba, 1950). Bestalde, gaur, eguena, urteroko batzar orokorra egingo du elkarteak, Kulturateko areto nagusian (19:00). 

"Betidanik" izan du mendirako zaletasuna eta Debatik Arrasatera etorri zenean, Besaiderekin hasi zen irteeretan parte hartzen. Antolaketarako ardurak beranduxeago hartu zituen: "Gipuzkoako birarekin hasi ginenean Imanol Exposito Poti zegoen arduradun. Esan zidan laguntza behar zuela ibilbideak ikusi eta prestatzeko; mendia izugarri gustatzen zait, eta horrela hasi nintzen", gogoratzen du.

Ezin mendian galdu

Ibilbideak prestatzeak badu lana: "Interneta oinarri hartuta, urrian hurrengo urterako irteera guztiak lotzen genituen. Gero ibilbidea ikustera joaten ginen irteera aurretik. Bitxikeri moduan, parte hartzaile batzuk esan izan ziguten irteerek ez zutela pizgarririk, dagoeneko Besaiderekin ez zegoela mendian galtzerik [barreak]". Arrazoi pertsonalak medio utziko du eta horregatik hartu dio lekukoa Serranok.  

Arrasaterekin 'zorra' kitatzen 

Duela bost urte inguru hasi zen Serrano Besaiderekin irteten eta Irastorzaren erreleboa hartzeko boluntariorik ez zegoenez, bere burua aurkeztu zuen: "Bi aukera zeuden, bertan behera utzi edo lekukoa hartu. Ni Pol-Polekoekin eta Aloña Mendikoekin ere joaten naiz eta, beraz, aukera nuen eurekin joateko baina orain arrasatearra ere banaiz, eta pena ematen zidan bertan ez izatea aukera hori. Arrasatek asko eman dit bizitzan zehar eta heldu da hori bueltatzeko ordua", dio. 

2016rako egitaraua lau multzotan banatu dute: Donejakue Bidea Euskal Herriko kostaldetik, Artzaintzaren  Ibilbidea, Soriako Cañon del Rio Lobos eta Uraren Ibilbidea (Oñatin, Araotzen). Talde finkoa izan arren, edonori daude zabalik; beteranoak dira asko, baina gazteak ere badaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak