Hitzarmena egunotan sinatu da, Jorge Parladek, Fagor CNAko presidenteak, taldearen instalazioetara egindako bisita baten. Enpresak azpimarratu du “nazioartean hedatzen” jarraitzen duela, “martxan jarritako proiektura bidelagun berriak batuz”.
Enpresak helburutzat du nazioarteko presentzia areagotzea, filialen bitartez merkatu berrietan sartzeko, eta honako akordioa helburu horren barruan kokatzen du. Dagoeneko badu pisua nazioartean, lau kontinentetan baitago, sei filial saltzailerekin, eta banatzaile sare zabala ere badu 100 herrialdetan baino gehiagotan.
Diseinu saritua
Bestalde, Good Design saria jaso berri du Fagorrek, Fagor BMF-200X hozkailuaren diseinuarengatik. Aipatu saria mundu mailan ematen den diseinu saririk zaharrena da. 1950 urtetik Chicagoko Athenaeum Museum of Architecture and Design-ek antolatzen ditu, Europako Arkitektura, Arte, Diseinu eta Hiri-Ikasketa Zentroarekin elkarlanean. Merkatal-produktuen diseinu eta berrikuntza industriala saritzen du Good Design sariak, jasangarritasuna, sormena, ekologia ikuspegitik arduratsua den diseinua, giza-faktoreak, materialak, teknologiak, arte-grafikoak eta paketatzea kontuan hartuta. Sariak banatzerakoan, aintzat hartzen den gairik garrantzitsuenetarikoa da ea produktuak gizartea bera eta pertsonen egunerokotasuna aberastu eta hobetu ditzakeen, produktuaren diseinu eta erabilerari erreparatuta.