Kulturola: Zerrajera zena herriko kulturaren lantegi bihurtzeko egitasmoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urt. 15a, 10:56

Arrasateko Zerrajerako Erlojuaren Eraikina eta Aprendices eskola zena Arrasateko kultura mugimenduaren epizentro izatera bideratuta daude. Izan ere, Udalaren asmoa da bi eraikin horietan egokitzea Arrasateko kultura taldeen egoitza. Udalak Bagarari esleitu dio dinamizazio lana eta hori martxorako amaitzea espero da. 

Udazken hasieran hasi ziren batzartzen gaur egun Zerrajerako Erlojuaren Eraikinean, Zalduspen eta Mankomunitatean kokatuta dauden kultura elkarteekin. Bilera horien ostean bigarren pauso bat ematen hasi dira urte berriarekin batera eta, besteak beste, eraikin berriak izan beharko lituzkeen ezaugarriak definitzen hasi dira. 

Agintaldiko proiektuetako bat 

Egitasmo berriak izen propioa dauka: Kulturola. Aspaldiko Zerrajerako lantegia kulturaren lantegia bilakatu nahi dute etorkizunean. Asmo hori garatzeko, Udalak jakinarazi du Bagara Elkartea izango dela dinamizatzaile lanez arduratuko dena: "Bagara eskarmentu handiko eragilea da bailaran eta bere esperientzia eta ezagupenak oso lagungarri izango dira, Udalarekin eta kultura eragile ezberdinekin elkarlanean, Erlojuaren Eraikin berriak nolakoa izan behar duen definitzeko", adierazi dute. Parte hartze prozesu hori Bagarari esleitzeko 7.200 euroko partida bideratu du Udalak.

Izan ere, Udaleko iturriek nabarmendu dute kulturarekiko apustua "estrategikoa" izango dela: "Agintaldi honetako proiektu handienetako bat izango da.  Aprendices zena Musika Eskolaren behin betiko egoitza izatea nahi dugu eta Erlojuaren Eraikina berritu ostean elkarren ondoan dauden bi eraikin horiek eremu estrategikoak izango dira kultura mailan. Herri mailan bakarrik ez, eskualdeko erreferente bihur daiteke". 

Erlojuaren Eraikina Jaurlaritzako SPRI erakundearena da baina jabetza aldaketa gauzatzeko aukera handiak daude, Udalak dioenez: "SPRIrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bide administratibo egokiak aurkitu ditugu proiektu hau gauzatzeko". 

Oraingoz, 18 kultura talde

Honako eragile hauek hartuko dute parte ekimenean: Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa, Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, Trikitrixa Eskola, Lore Gazteak dantza taldea, Txikitxu Arrostaitz dantza taldea, Doke antzerki taldea, Udalaxpe Txistulari Elkartea, Arrasateko Gaiteroak, Santamas Komisiñoa, Bertso eskola, Ttakun txalaparta taldea, Portaloi elkartea, Zaldibarko futbito txapelketa, SUDC elkartea, Arrasate Margo Taldea, Sanbamaña, Loixe Zeramika taldea eta euskaltegia. Dinamizaziorako lana martxoan amaitzea espero dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak