Kurtzetxikiko landaketarako 09:00etan elkartuko dira Debagoieneko ospitalearen aurrean. Hortik Kurtzetxikira igoko dira eta bertan gaztainondoak eta intxaurrondoak landatuko dituzte. Amaitzeko, mokadutxoa hartuko dute Seber Altube plazan, 12:00ak aldera.
Sei mintegi Zuhaitz Ferian
Izan ere, Seber Altube plazan hileko hirugarren zapatuan egin ohi den baserritarren azokarekin batera Zuhaitz Feria egingo dute (09:00-14:00). Sei mintegi etorriko dira aurten eta, besteak beste, fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta basoko fruitu txikien espezieak erosteko aukera egongo da.
Ikastaroa Ingurumen Eskolan
Bestalde, fruta arbolak inausteko eta haien gaixotasunak ezagutzeko ikastaroak ere antolatu ditu Udalak, urtarrilaren 23rako, otsailaren 6rako eta otsailaren 13rako. Saio horiek Ingurumen Eskolan (943 77 04 88) emango dira.