Komunikazioa parekiderantz, kazetarentzako eskuliburua aurkeztu du Arantza Santistebanek gaur Durangoko Azokako areto nagusian. Alboan izan ditu proiektua sustatu eta babestu duten bi erakundeetako ordezkariak: Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea, eta Iban Arantzabal, Goiena Komunikazio Taldeko Zuzendari Nagusia. Eskuliburua "garrantzitsua" dela adierazi du Arrasateko alkateak eta lehen unetik "argi" ikusi zutela "proiektu honekin aurrera egin beharra zegoela". Zera eransten du Ubarretxenak, hedabideek duten "sekulako inpaktua" kontuan izanda, "barneratuta dauzkagun ereduetaz konturatu" eta horiei "buelta bat ematen" lagunduko duela Santistebanen lanak. Goiena Taldeko zuzendari Iban Arantzabal ere, uste bereko, bat dator gaiaren garrantzia azpimarratzen, dioenez, "hedabideetan, hizkuntzarekin bezala, generoa da gai bat ezinbestean ondo bideratu behar dena".
Hain zuzen, etxetik bertatik piztu zen generoaren tratamenduarekiko ardura eta laguntza beharra, Emakume Txokoak proposatuta, udaberrian Santisteban berarekin egindako formazio saioetan parte hartu eta gero. Kazetariek eurek agertutako ardura eta kezken lagungarri izateko asmoarekin, gidaliburua sortzeko beharra ikusi zen, liburu praktiko eran. Udalak berak jarriko du eskuragarri bai paperean zein digitalki gidaliburua Emakume Txokoaren bitartez.