"Kazetaritza parekidea beharrezkoa da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko abe. 7a, 11:57

Komunikatzaileek lan-tresna berria dute eskura; lagungarria izango da genero aldagaia kontuan hartzeko eta automatizatutako zenbait prozedura ezbaian jartzeko. ['Puntua' astekarian, abenduaren 4ko alean, argitaraturiko elkarrizketa.]

Hizkuntzak ez dira sexistak, egiten dugun erabilera da sexista. Bazegoen kezka Goienan, eta udaberrian prestakuntza saio bat baino gehiago egin zituen Arantza Santestebanek (Iruñea-1979) Arrasaten. Amaitu zen ikastaroa, baina ez kezka, eta esku artean dugu orain lan-tresna berria: Komunikazio parekiderantz kazetarientzako eskuliburua. Durangoko Azokan aurkeztuko dute Arrasateko Udalak, Goienak eta egileak berak, Arantza Santestebanek. 

Zer dugu esku artean, Arantza? 

Komunikazio parekidea lortzeko bidean kazetarien lana erraztuko duen erreminta bat. Hori da helburua, eta uste dut gauza praktiko bat gelditu dela. Ez da formula magiko bat: hau aplikatuta egiten den komunikazioa ez da izango parekidea halabeharrez, baina uste dut lagunduko duela kontzeptu batzuen inguruan kontzientzia hartzen.  

Kontzientzia hartzea da lehenengo urratsa? 

Bai, eta liburuaren lehenengo atalean lantzen ditut aspektu horiek, gehienbat. Bigarren atala praktikoagoa da: informazioa bilatzerakoan, eraikitzerakoan eta zabaltzerakoan normalean kontuan hartzen ez diren elementuak jaso ditut. Prozedura horietan genero ikuspegitik arreta jartzeko elementuak eskaintzen ditut. 

Zeintzuk dira normalean kontuan hartzen ez diren elementu horiek? 

Esaterako, informazioa eraikitzerakoan bilatzea sexuaren araberako datu bereiziak, eta datu horiek dauzkagunean emakumeen egoeraren gainean arreta berezia jartzea. Sortu den egoera horretan ze botere harreman gertatzen diren aztertzea —emakumearen kasuan baliabide ekonomikoak, egoera soziala, rolak…—. Horiek kontuan hartzeko irizpide batzuk ematen ditut.

Lan-tresna bat sortzea zen helburua, zerbait praktikoa. Bazegoen aurretik ezer? 

Bai; jo dut jatorri askotariko estilo liburu askotara, bertatik neurri ezberdinak atera ditut eta gurera ekarri ditut. Kontsultatu ditut, batez ere, herrialde katalanetako estilo liburuak, Kantabriako bateren bat, Hego Ameriketakoak... Horretaz gain, eta euskararen kasuan hizkuntzaren erabilerarekin lotutako neurriak ere jaso ditut. Zehatzak dira eta atalka antolatu ditut: kirolak, estereotipoak… Eta azkenik, interesa dutenendako atal bat gehitu dut, non eskaintzen ditudan intereseko loturak eta kontsultarako webguneak, hurbilekoak eta erreferentzialak.  

Inguruko hedabideek garrantzia ematen diote komunikazio parekidea egiteari? 

Kezka hori gero eta gehiago dagoela esango nuke, baina ezberdintasuna da zein hedabidek ipintzen dituzten neurriak hori konpontzeko eta zeintzuek ez. Politikoki zuzena da esatea baietz, kontuan hartu behar direla parekidetasunerantz abiatzeko aspektuak, eta gaur egun diskurtsiboki zalantza ezina da badagoela hutsune bat. Baina hedabide batzuek jartzen dituzte neurriak, eta beste batzuek ez. Hor dago aldea. Eta neurriak hartzea izan daiteke gaia estilo liburuan jasotzea, prestakuntza saioak egitea, pertsona bat hartzea genero oreka mantentzearen ardura izango duena... Gero, gertatzen da neurririk hartzen ez dituzten hedabideetan badaudela emakumeak sentsibilitate handia dutenak, eta, askotan, horiei esker lortzen da gai honetan arreta jartzea.

Gehiago dira neurriak hartzen dituztenak hartzen ez dituztenak baino? 

Datuak aztertzen baditugu, estatu espainiarrean desoreka handia dago zuzendaritza postuetan. Euskal Herrira etorrita, egia da euskaraz ekoizten duten komunikabideen artean datuak hobeak direla. Goienaren kasuan, esaterako, gizonezkoak baino emakume gehiago zaudete erredakzioan zein zuzendaritzan. Orokorrean, oraindik lan handia dago egiteko, azken finean, perspektiba guztia aldatzeaz ari garelako.

Badaude ikerketak komunikazio parekidearen gainean Euskal Herrian eta kanpoan?

Estatu espainiarrean badago estilo liburuen, komunikabideen eta genero ikuspegiaren gainean lerro akademiko oso bat antolatuta, eta komunikabideetako profesionalek bideratua.  

Herrialde Katalanetan askoz ere sakonduagoa dute gaia. Esaterako, emakumeen behatoki bat dute, zeinek, beste gauza batzuen artean, hedabideen jarduna gainbegiratzen duen.  

Euskal Herriari dagokionez, Emakundek duela gutxi antolatu ditu gaiaren gaineko jardunaldi batzuk Begira batzordearen bitartez. Publizitate agentziekin eta hedabideekin dihardute, eta oraindik prozesuan den kode deontologiko batean ari dira lanean. Esan daiteke Euskal Herrian ibilbide bat egin dela, baina oraindik urrats gehiago egin behar dira helburua, azken batean, informazioan eta hedabideetan benetan eragitea bada.

Gure hizkuntza euskara da. Gai honekin lotuta badu bereizgarririk? 

Hizkuntzak berez ez dira sexistak, erabilerak dira sexistak. Egia da euskarak ez duela maskulino generikoa edo orokorra, eta eraldaketarako oso tresna baliagarria izan daiteke, baina badaude pertsona batzuk ekarpen handia egiten ari direnak zentzu horretan. Esaterako, Amelia Barquin edo Amaia Alvarez. Planteatzen dute hizkuntza bat dela munduaren ikuskera baten adierazlea, eta zentzu horretan euskal pentsamendua edo kosmobisioa ere maskulinoa dela. Eta adibideak jartzen dituzte. Esaten dugu, jaun eta jabe; eta zergatik ez andre eta jabe? Edo esaten dugu txapela buruan eta ibili munduan; eta zergatik ez zapia buruan eta ibili munduan? Badago hor ere gizona erdigunean jartzen duen erabilera androzentriko bat. Orduan, euskarak ere baditu bere ajeak. Baina bai, genero markarik ez izateak bihurtzen du euskara oso tresna baliagarria parekidetasunaren eraldaketarako. Neurriak hartu behar dira.

Eta zer iruditzen zaizu esku artean dugun tresna hau euskarazko tokiko komunikabide batetik etortzea? 

Iruditzen zait lana ondo egiteko kezka handia dagoela, eta uste dut eskertzekoa dela, kezka ateratzen denean gune horretatik. Kasu honetan, Emakume Txokoaren kezka zen, baina Goienak ere kezka bera zuen. Bat egin dute, eta elkarlan bat abiarazi dute. Eta, kasu honetan, ni etorri naiz eta prestakuntza ikastaro bat eman dut. Baina asuntoa ez da hor bukatzen. Badago oraindik ere borondate bat urrats gehiago egiteko. Uste dut beharretik abiatu dela egitasmo hau, ikusten delako badagoela hutsune bat. Eta tresna bat sortu da… Eta uste dut justu hori dela prozesu egokia. Egiten denean benetan beharretik abiatuta, eta ez politikoki zuzena delako.

Ikus-entzunezkoa ere garrantzitsua da. Hor ere egongo dira kontuan hartu beharreko irizpide batzuk?

Bai. Azken hogei urteotan ikus-entzunezkoak eztanda handi bat izan du. Askotan, idatzizko albistea baino lehenago iristen da irudia, eta hor, kazetaritzaren praktika batzuk aldatzen ari dira. Eskuliburuan lantzen dut gaia. Jaso ditut oso irizpide zehatzak bai irudiaren trataerari dagokionez, bai irudia atera aurretik kontuan hartu beharreko irizpideei dagokienez: enkoadraketa, fokatzea… Oso oinarrizkoak dira, baina horiek barneratuta aldaketa batzuk gertatuko dira. Hala ere, egia da ikus-entzunezkoarekin lotuta genero ikuspegitik ez dagoela oraindik ekoizpen teoriko eta praktiko handirik.   

Eta hedabideak gai honetan ahalegin hori egiten duenean, zer jasotzen du irakurleak? 

Hartzaileak… ba, hartzailearen arabera. Badaude hartzaile batzuk hori eskatzen dutenak. Gutxiengoa dira: feministak edo oso politizatuak. Horiek eskertu egingo dute ahalegina. Baina sor daiteke baita ere kazetariaren eta hartzailearen arteko harreman berri bat non kazetariak ematen dizkion beste eduki batzuk, eta non hartzaileari irekitzen dizkion perspektiba berriak. Errealitatea ekoiztu egiten da. Nahiz eta kazetaritza saiatzen den beti ahalik eta irudi objektiboena ematen, esan daiteke ez dagoela objektibotasunik. Genero aldagaia kontuan hartzen badugu, inguratzen gaituenaren irudi justuagoa ematen dugu, eta genero aldagaia kontuan hartzen duen kazetaritza batek posizio bat hartzen du egitura patriarkatuak sortzen dituen desoreken aurrean. Ikuspegi demokratiko baten aldetik genero aldagaia kontuan hartzea bada pertsona guztien eskubideen alde egitea, nire ustez. Generoen artean dagoen desoreka konpondu nahi badugu, beharrezkoa da kazetaritza parekidea. Gaur egun, elementu horiek barneratzea hautu politikoa dela esango nuke.

Periferiako gaiak erdigunera ekartzea bada lan-ildo honetan jorratu beharreko beste eremu bat? 

Uste dut hedabideek eta kazetariek badutela ardura bat parekidetasunarekin: rolak ez betikotzea, rol horiek nolabait alteratzea... Eta, nahi izanez gero, hedabideek gauza asko egin dezakete rol horiek eraldatzeko eta fokua beste leku batzuetan jartzeko... Beste modu batean esanda, periferiatik zentrora ekartzeko normalean kanpoan gelditzen diren pertsona eta eredu batzuk. Azken finean, eredu berriak eskaintzea.

Adibiderik eman dezakezu?

Lan gatazken gaineko albisteak, esaterako. Gizonak badira protagonista, gehienetan, izugarrizko epika dago deskribapenetan: “Felix, 50 urte, bi seme ditu eta emaztea langabezian dago...”. Zoaz garbitzaile enpresa bateko lan gatazkaren gaineko albiste batera, eta irakurriko duzu: “Grebak 40. eguna bete du gaur. Langileak negoziaketetan daude patronalarekin...”. Epika guztia desagertu egiten da. Lan munduan gizonaren irudia handitu egiten da. Oreka elementuak landu behar dira, nire ustez.

Hori, hain justu, izan daiteke gure indarguneetako bat? Bereizgarri bat?

Zalantzarik gabe. Iruditzen zait, gainera, etorkizuna hortik datorrela. Feminismoan urte pila bat daramazkit, eta, hasi ginenean, duela 20 urte, ez zegoen ia deus zentzu honetan. Oso zaila zen nork bere buruari feminista zela aitortzea. Gaur egun, feminismoak harrigarriki egin du aurrera. Lan handia egin da, oso profesionala eta oso konstantea… eta horrek eman ditu emaitza batzuk nazioartean, oro har, eta Euskal Herrian oso nabarmenki. Pentsatzen dut etorkizuna beste balio batzuetarantz doala. Instituzioetan, alderdi politikoetan, hedabideetan... badago tentsio bat generoaren gaiari dagokionez, eta beste gai batzuekiko ere bai. Etorkizuna hortik etorriko da, eta uste dut garrantzitsua dela neurri batzuk hartzen hastea eta euskarazko hedabideei etorkizuneko balio horiek gehitzea.

Ikusten dizkiozu ajeak gaur egungo kazetaritzari?

Ez naiz kazetaria, baina, izan dudan harremanarengatik, konturatu naiz eguneroko kazetaritzan, egunero atera behar den aldizkari horretan, oso automatizatuta daudela prozedura batzuk. Hasteko, iturriak, zeinengana goazen informazio bila. Gehienetan, eskura dauden horiek dira, eta hor ari gara errealitatea eraikitzen informazio iturrien arabera. Eguneroko kazetaritza horretan sortu nahi badituzu bestelako albiste batzuk, ohitura batzuk aldatu egin behar dira, eta eguneroko prentsan zaila da hori. Aldiz, konturatu naiz 

astekarietan edo gehigarrietan gehiago egiten dela ahalegin hori. Denbora luzeagoa dago, eta jendeak aurrez pentsatzen ditu gaiak. Hor badago denbora luzexeagoa edukietan pentsatzeko. Nire ustez, ez da kasualitatea une honetan Euskal Herriko hedabideen gehigarri gehienetan feminismoarekin lotutako edo etorkinekin lotutako eduki asko lantzea. Astekari batek beste prozedura batzuk ditu eta beste gai batzuk lantzen ditu, mimo handiagoarekin.

Zure ustez, orduan, iturri guztiek ez dute zilegitasun bera hedabideendako?

Ez. Mugimendu feministak lorpen handiak egin ditu azken urteotan, baina gaur egun, oraindik ere, ez du zilegitasun osoa eraso bat dagoenean, esaterako. Aktibatu ditu erantzunak, eta, askotan, informazio iturri da albistea eraikitzerakoan, baina, gehienetan, ez da bertsio ofizialaren garantea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak