Janne Valkeajoki finlandiarrak irabazi du Arrasateko nazioarteko akordeoi lehiaketa

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko abe. 6a, 22:16

Hamaika lagunek parte hartu dute aurtengo nazioarteko lehiaketan eta erakutsitako maila oso altua izan dela adierazi du antolatzaile lanetan ibili den Hauspoz elkarteko Aitor Furundarenak. Bigarren saria Txinara joan da eta hirugarrena Errusiara. Asteburuan 300 akordeoi jotzaile baino gehiago izan dira Arrasaten.

Mikel Laboaren Txoriak txori kantuaren doinuarekin hasi da Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketako sari banaketa. Doinu horren erritmoan Haatik dantza taldeko lau lagunek egin dute dantza eta Bernardo Atxagaren ahotsa entzun da, Txorien heriotza izeneko testua esaten.

Oroitz Maiz gogoan

Gipuzkoako lehiaketako sariak eman dituzte lehenengo, hiru kategoriatan: haurrak, gaztetxoak eta seniorrak. Segidan, nazioarteko lehiaketako sari banaketarekin hasi aurretik, otsailean hil zen Oroitz Maiz akordeoi jotzailea izan dute gogoan. "Urte askotan parte hartu du Arrasateko lehiaketa honetan, parte-hartzaile moduan hasierako urteetan eta antolakuntza taldeko kide gero, eta gogoan hartu izan gura dugu", azaldu du Furundarenak. Maizek akordeoiarekin jotako pieza bat entzun da gero. Argiek oholtza gaineko mahai txiki baten gainean zegoen lore sorta argiztatu dute.

Nazioarteko bost lagunek osatu dute Arrasate Hiria lehiaketako epaimahaia, tartean Iñaki Alberdi euskalduna. Eurek erabaki dute lehen saria (3.600 euro) Finlandiako Janne Valkeajoki-rendako izatea (berak irabazi du baita derrigorrezko pieza ondoen jo duenaren saria). Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak jarri dio txapela irabazleari; garaikurra eta diploma ere eman dizkio. Bigarren saria Txinako Shen Wang-ek irabazi du eta hirugarrena, Errusiako Arseniy Strokovskiy-k.

SUDC elkarteak nazioarteko lehiaketako parte-hartzaile jatorrenari eman dio aurten ere saria eta sari hori Alemaniako Lydia Schmidl-endako izan da. Elkarteko presidente Juan Luis Arkauzek eman dio saria.

Ekitaldia bukatzeko Valkeajoki-k bi pieza jo ditu. Txapel barik jo ditu, jantzita eroso sentitzen ez zelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak