IK4 aliantzak 10 urteko ibilbidearen emaitza bikainak erakutsi ditu

Leire Kortabarria 2015ko abe. 5a, 08:00
IK4 aliantzako eta erakunde publikoetako ordezkariak, urteurren ekitaldian.

IK4 aliantzak –IK4-Ikerlan zentroa kideetako bat da– 10 urte egin ditu, eta bere jardueraren aurre-balorazioa argitaratu du. Horren arabera, I+G+i-rako Europako Batasunak eman duen dirutik 122 milioi lortu ditu.

IK4-k ekitaldi batekin ospatu zituen eguaztenean, abenduak 3, bere 10 urteak, Donostiako Aquariumean. Han izan ziren Arantxa Tapia, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua; Iñaki Aranburu, IK4-ko presidentea; eta Jose Miguel Erdozain, zuzendari orokorra.

Gaur egun, bederatzi teknologia eta ikerkuntza zentrok osatzen dute IK4 aliantza; sorreran, orain dela 10 urte, lau ziren. Helburua zen enpresei soluzio teknologiko aurreratuak eskaini ahal izatea eta nazioartean aukera berriak antzematea. Gaur egun, 1.300 ikertzaile inguru dabiltza IK4 osatzen duten zentroetan, eta euskal enpresendako erreferente bihurtu da aliantza.

Esandako 122 milioi horietatik, 90 VII. Esparru-Programatik zetozen (2013an bukatu zen hori), eta 32, ikerkuntzari laguntzeko Jomuga 2020 izeneko EBren planetik.

IK4ko ordezkariek esan dutenez, diru horrekin “Europako ikerkuntza proiektuetan parte hartzeko aukera eman zaie Euskadiko 140 enpresa baino gehiagori”.

Diru gehiena, enpresa pribatutik

Datu gehiago eman zituzten IK4 aliantzako arduradunek: hala, urtero 800 bat enpresarendako proiektuak egin dituzte zentroek, denetara 4.000 bezero.

Gainera, urtero 100 milioi euroko diru-sarrerak izan dituzte bederatzi zentro aliatuek, eta hori “egonkorra” izan da urtetik urtera. Enpresa pribatuendako proiektuez gain, erakunde publikoendako egindako ikerkuntza programetatik etorri da diru hori. Enpresa pribatuen kontratuak %60 dira, eta Europatik datozen diru-sarrerak, %17.

Arduradunek esan dutenez, diru-sarreren arabera, Europako 10 erakunde teknologiko pribatuen artean dago IK4, eta, enpresa pribatuekiko kontratuetatik datozen diru-sarreren arabera, lehenengoa. Orain, aurreikuspenak dira Europatik urtero 12 milioi hartzetik 18 milioi hartzera pasatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak