Koalizio ezkertiar eta abertzalearen prentsa oharra:
"ZE GARRANTZIA EMATEN ZAIO BERDINTASUNARI UDALEAN?
Esan gabe doa, alkateak egunotan elkarrizketa iaio baten aitortu duenez, gu ere asko pozten gara Nafarroako aldaketa politikoagatik. Ongi etorria izan bedi batasun euskaltzale eta aurrerakoi oro. Hortan beti egongo gara Arrasateko alkatearen alboan.
Baina aldaketak bere hartan ez du zertan zerbait ona izan. Badira txarrerako diren aldaketak eta halakotan salaketa egitea dagokigu. Arrasateko EHBILDUren udal taldea osatzen dugun zazpi zinegotziok kezkaz bizi dugu hainbat udal arlok duten egoera. Uztailean adierazi genuen moduan, batzordeak zortzira murriztean hainbat gai bigarren mailan geratzeko arriskua zegoen. Eta adierazi genuen, zehazki, Kirola, Berdintasuna, Gazteria eta Hezkuntza batzea ez zitzaigula ideia ona iruditzen. Lau arlo batera batzorde bakarrean gehiegitxo zen guretzat eta lehen hilabeteetan gure susmoak bete dira. Esaerak dioen bezala, asko egin nahi, gutxi egin bai.
Udal gobernuak kanpo asesoreak kontratatu ditu udal antolaketa berritzeko, bai gu ez gara asesoredun bakarrak, eta uste dugu momentu ona dela gure kezka mahai gainean jartzeko. Egia esan udala antolatzeko berandu ere bada, jada martxan baita makinaria eta aurrekontuen ataritan gaude, baina ez gara gehiegi eskatzen hasiko.
Moduzko argazki eta adierazpen publiko asko ematen ari gatzaizkigu, baina udal barruan, batzordeetan, lanketa falta da protagonista. Besteak beste, uste dugu udalak ez diola gizon eta emakumeen arteko berdintasunari behar beste garrantzia ematen. Hurrengo hiru adibideetan ahaleginduko gara baieztapen hau frogatzen:
-Azaroaren 8an sexu erasoa egon zen Nafarroa etorbidean. Uste dugu kasu honetan Udalak ez duela behar beste egin, gaiak eskatzen zuen minimo Kirola, Gazteria, Hezkuntza eta Berdintasuna batzordearen batzar bat antolatzea gaiaren larria ikusirik. Bost egun lehenago plenoan ahoa bete zitzaigun guztioi emakumeen aurkako indarkeriaren kontra baina egiaren orduan hitzak haizeak eraman zituen. Protokoloak protokolo, erasoaren inguruko gure kezkek ez zuten esperotako erantzunik jaso.
-Urriaren 29ko Bozeramale Batzordean eta azaroaren 3ko plenoan hautetsi guztiok erabaki genuen, ikusirik azaroaren 25aren datarako bakoitzak bere adierazpena zuela, batzar bat antolatzea testu bakarra adosteko. EHBILDUk behin eta berriz gogoratu zion Kirola, Gazteria, Hezkuntza eta Berdintasuna batzordeburuari deialdia egiteke zegoela. Ba azkenean ez zen bilerarik egin eta Gipuzkoako Batzar Nagusien testu bera bidali zitzaigun, azaroaren 25aren 00:01 minutuan jaso genuelarik gure proposamenei erantzuna eta eguerdian testu definitiboa. Plenoaren mandatua ez zen bete beraz eta zinegotzia ez zen gai izan batzordean eta ganoraz adierazpena lantzeko.
-Azaroaren 19ko gauean Emakume Txokoak eraso ezberdinak jasan zituen. Langileek aspalditik bazuten salatua guneak segurtasun neurri gehigarriak behar zituela eta aurreko korporazioak gidaturik Udaleko Segurtasun Batzordeak segurtasun lan batzuk zituen aurreikusiak. 2015eko aurrekontuarekin batera ere onartu ziren lanok egitea. Baina kurtso hasiera honetan, Oscar García zinegotziak bere kabuz erabaki zuen obra hauek bertan behera uztea. Udal Gobernuaren asmoa lekuz aldatzea omen da Emakume Txokoa, baina data zehatzik ez da oraindik, eta Oscarren soluzioa izan da kamerak jartzea langileen iritziaren aurka eta lanak egitea baina Segurtasun Batzordearen babesik gabe. Uste dugu hau guztia lantzeko Kirola, Gazteria, Hezkuntza eta Berdintasuna batzordea biltzea ezinbestekoa zela, baina ez da hala izan.
Egiari zor, aste honetan batuko da aipaturiko batzordea. Hiru aukera on galdu ostean eta gertakari larriak atzean utzita. Nahiz eta paradoxikoki gai zerrendan berdintasun arloko gairik aurreikusita ez egon, bertan ere salatuko dugu egoera, baina uste dugu herritarrek ere jakin behar dutela zein den udaleko sail honen eta beste batzuen kinka. Berdintasuna gai serioa da, azaroaren 25ean kopiatutako testuan aipaturiko feminismoaren alde egotea edukiz betetzea beste".