Nola amaitu duzu AKEko presidente?
Eneko Fernandezen erreleboa hartu dut. Sei urtez izan da presidente, baina orain zinegotzi denez ezin zuen kargu horretan jarraitu. Lan itzela egin du eta lan hori eskertu gura diogu. Zuzendaritza taldea berritu dugu: ni naiz presidentea, Xabi Altzelai idazkaria eta gero, sailk bakoitzeko, bi bokal ditugu.
Zeintzuk dira sail horiek?
Lau dira: tenisa, padela, squash-a eta frontenisa. Sail bakoitzean bi arduradun daude bakoitzak autonomia funtziona dezan baina, aldi berean, elkarte bakar moduan koordinatuko gara. Erabaki dugu lanak banatzea eta beste modu batera funtzionatzea. Squash sailak, esaterako, urteak daramatza bere kontura lehiatzen, Euskadiko Federazioarekin.
Zeintzuk dira zuzendaritza berriaren helburuak?
Gustuko dugun kirola sustatzen jarraitzea. Tenis sailean dihardugunok taldeka lehiatzen dugu Vasco Navarro txapelketan. Bestetik, bakarkako txapelketa dago Gipuzkoa mailan eta egunotan Santamasetako txapelketa ari gara jokatzen.
Baina txapelketez harago, gure helburu nagusia da emakumeen talde bat sortzea. Bi emakumezko federatu daude bakarrik, entrenatzen ari direnak gehiago izan arren. Erronka da emakume federatuen jokalari kopurua handitzea. Gainera, tenis eskolarekin lanean jarraituko dugu.
Ateak zabalik, beraz.
Erabat. Padel eta tenis klaseak izaten dira astero birritan; gura duena beldur barik etor dadila, denok hasi ginen jokatzen jakin barik. Pazientzia apur bat da, besterik ez.
Zein arduratzen da klaseak emateaz?
Entrenatzaile profesional baten ari gara, 25 urte daramatzana klaseak ematen. Oso gustura gaude, Enekori esker heldu zen.
Gustura instalakuntzekin?
Ez daude egoera onenean. Euria egiten duenean ura sartzen da kantxetara eta argiteria hobetu beharra dago. Orokorrean, kantxek mantenu hobea behar dute. Eneko urte luzez aritu da gai horrekin ere borrokan eta badirudi orain niri egokitu zaidala borroka horrekin jarraitzea...