Xabier Murelaga: “Oso urriak dira Kobatekoa moduko aztarnategiak”

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko aza. 23a, 15:03
Xabier Murelaga EHUko Miguel de Unamuno ikastetxeko bulegoan.

Balio handiko aurkikuntza baten aurrean egoteak dakarren emozioarekin dihardu Xabier Murelaga (Lekeitio, 1970) geologoak –paleontologian espezializatua– Artazu VIII aztarnategiaz ari denean. 

Kobateko harrobian leherketa baten ondorioz agerian geratu zen aztarnategiko aurkikuntzez egingo du berba bihar, hilak 24, Arrasateko Kulturaten (19:00), Pedro Castañosekin batera. Arrasate Zientzia Elkartearen Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloa itxiko dute bi adituek.

Hasteko, non dago Artazu VIII aztarnategia? 

Kobateko harrobian, aurrez estalita zegoen leize baten. Harrobia kareharrizkoa denez hainbat kobazulo daude, batzuk ikusi egiten dira eta beste batzuk estalita daude landarediarekin. Garai baten zulo horiek aktibo zeuden, eta orain gertatu dena da harrobiko aktibitateari esker –leherketa baten ondorioz– estalitako leize horietako bat agerian geratu dela.  

2013an istripuz aurkitu eta 2014an induskatu zen. Ze prozedura jarraitu duzue? 

Hasieratik konturatu ginen aztarnategia oso aberatsa zela eta horregatik baimena eskatu genion bertan lanean diharduen enpresari eta Diputazioari gune horretan indusketak egiteko. Enpresak bere aktibitatetik kanpo utzi zuen zulo hori eta denbora eman ziguten poliki-poliki aztarnak ateratzen joateko. Gainera, Aitziber Suarez arkeologoak doktore-tesia egingo du hor aurkitutako aztarnak aintzat hartuta. 

(Argazkia: Bisonte baten hezur-bilduma; argazkian, bertebrak, humeroa, mandibula eta falangea ikus daitezke)

Ze animaliren aztarnak aurkitu dituzue? 

Aztarnak duela 50.000 eta 130.000 urte artekoak dira. Arrasateko inguruetan bizi izan ziren animalien aztarnak dira; animaliak leize horretara erori eta bertan harrapatuta eta lurperatuta geratu ziren. Zein animalia? Bisonte aztarna ugari ditugu, oreinak, zaldi batzuk...  Berezia dena da errinozeronte iletsuarena.  

Ohikoak al dira, Artazu VIII.aren antzera, kasualitatez aurkitzen diren aztarnategiak? 

Paleontologook aztarnategi gutxi aurkitzen ditugu. Kobazuloetan arkeologoek badakite aztarnategiak aurki daitezkeela, aspaldiko gizakiak haitzuloetan hartzen zuen-eta ostatu. Baina animaliendako tranpa edo amildegi horiek aurkitzea askoz zailagoa izaten da. Guk aztarnategi paleontologikoak deitzen ditugunak, hots, gizakiaren eraginik gabeko aztarnategiak, Kobatekoa modukoak, oso-oso urriak dira eta kasualitatez aurkitzen dira gehienetan.  

Horrek are bereziago egiten du Artazu VIII? 

Zalantza barik. Kantauri alde guztian, Galizia barne, halako hamar bat aztarnategi daudela kalkulatzen dugu. Oso garrantzitsuak dira ikerketa paleontologikoetarako; zulo edo tranpa horietan erortzen diren izakien artean ez dago gizakiaren aukeraketarik. Animalia haragizale batek –lehoia, pantera edo hartza, adibidez– erabili duen kobazuloetan aurkituko dira bakarrik animalia horiek ehizatzen zituzten izakien aztarnak. Gizakien haitzuloetan ere berdina gertatzen da. Aldiz, Artazu VIII.a moduko leize batera inguruan bizi ziren animalia guztiak erortzen ziren; horregatik aztarna horiek hobeto ordezkatzen dute orduko ekosistema eta paisaia. 

(Argazkia: Bisonte baten garezurra, alde batetik ikusita)

Zer esan dezakezu Artazu VIII-ko aztarnen kontserbazioaren gainean? 

Harrapakerien edo gizakien kobazuloetan aurkitzen diren aztarna gehienak apurtuta ageri zaizkigu. Aldiz, izakiak tranpa natural horietara erori eta lurperatuta geratzen ziren eta beraz, oso ondo kontserbatzen dira. Apurtuta ageri badira kolpeengatik edo pisuagatik da, baina hezurren %80a osorik ageri zaigu, oso ondo kontserbatuta eta osotasun baten. Osotasunean aurkitzearena oso garrantzitsua da informazio gehiago lortzeko. Hainbat pieza ditugu neurriak hartzeko eta estimatzeko ez bakarrik ze animalia mota zeuden, baizik eta animalia horien populazioak ze tamaina zuten. Hezurrak osorik aurkituz gero biometria bat egin dezakegu eta jakin, esaterako, Arrasateko inguruetan bizi ziren bisonteak zelako tamaina zuen.  

Ondorio aberatsak emango ditu, beraz. 

Bai. Errinozeronte iletsua aurkitu dugu. Aztarnetan errinozeronte iletsua ez da oso ugaria, beheko mailetan ageri da. Bertan dagoen hezur bilduma seguruenik ez da egongo penintsula osoan. Beste leku batzuetan aurkitu dira aztarnak: buru zatiak, hortzak... Baina nahi baditugu gorputzeko atal ezberdinak aztertzea, Kobateko Artazu VIII aztarnategian aurkitutakoa Iberiar Penintsulako onena ez bada, onenetarikoa izango da. 

Nolakoa da aztarnak jasotzeko lana?  

Normalean aztarnategiak berak gidatzen gaitu. Kasu honetan ikusi genuen eguzkitan geratzen ziren aztarnak erraz hautsi zitezkeela. Egun baten industen ibili, 09:00etatik iluntzera arte –autoa hezurrez bete arte–, 15 minutu hartuz bertan ogitarteko bat bazkaltzeko. Hurrengo egunean lagin guztiak hartu eta Leioako laborategian garbitu eta lehortu. Horrela ziurtatu genuen ondo kontserbatuta geratuko direla aurrerago egin nahi diren ikerketetarako. Aztarnak aurkitzea bezain garrantzitsua da atera ostean ondo mantentzeko neurri guztiak hartzea. Kobateko enpresak denbora nahikotxo eman zigunez, egun baten aztarnak atera eta hurrengoan garbitu eta lehortu egiten genituen, kontserbazio ona ziurtatzeko. Horrela joan ginen aztarna guztiak poliki-poliki gordetzen. Egia esan, Leioako laborategikoen aldetik bronka bat baino gehiago jaso dugu, laborategia hezurrez beteta utzi genuelako... 

(Argazkia: Errinozeronte iletsuaren garezurra. Lokatzez beteta dago, baina animaliaren muturra argazkiaren ezkerraldean legoke)

Zenbat hezur aurkitu dituzue, bada? 

Ez dakit kopuru zehatza esaten baina izango dira 4.000 bat gutxienez. Lehen fase baten ahalik eta hezur gehien salbatzeko ahalegina egin dugu. Harrobitik atera ditugu eta guztiak bere testuinguruan kokatu, hau da, estratigrafian non kokatzen diren zehaztu. Hezur guztiak Aranzadik Leioan duen lokal baten gordeta ditugu orain, gela osoa dago beteta hezurrez jositako kutxekin. Oraingo fasean, poliki-poliki eta mailaz maila goaz guztiak zenbatzen; espero dugu datorren udarako lan horrekin amaitzea.   

Zertan datza zenbaketa edo katalogazio lan horrek? Zertan diharduzue orain bertan? 

Mailaz maila goaz. Lehen mailan zenbat hezur dauden identifikatu, guztiak atera, neurtu, argazkiak atera eta hurrengo mailara... Eta horrela amaitu arte. Horrez gain, hezurrak entregatu aurretik zenbatu egin behar ditugu, bakoitzari dagokion zenbakia jarri. Bi urtetan amaitu beharko genuke ikerketa guztia eta ondoren Diputazioko gordailura eraman, izan ere, Aldundiak badu gune bat egokituta aurkikuntza paleontologikoak eta arkeologikoak ondo gordetzeko eta etorkizun baten etor daitezkeen ikerlariei material guztia ondo katalogatuta uzteko. Aztarnategi batekin topo egiterakoan saiatu behar gara material guztia berreskuratzen informaziorik galdu barik. Kasu honetan are gehiago, martxan zegoen harrobi bat zelako eta ezin genuelako aztarnategia isolatu. Horregatik erabili ditugu ezagutzen diren teknika guztiak: laginak polenerako, mikro-ugaztunetarako eta isotopoak neurtzeko, arroken edo sedimentuen analisi geokimikoak... Laginketa guztiak hartu ditugu etorkizun baten Eta hau edo bestea egin bagenu... moduko iradokizunak saihesteko.

Mailaz maila lan egin duzuela diozunean zer da zehazki esan gura duzuna? 

Ezaugarrien araberako lanketa dela. Hobeto ulertzeko, tarta bat irudikatu: maila bat bizkotxoa izango da, beste maila bat krema eta azkena nata. Edukiaren eta konposaketaren arabera, mailak bereiztu egiten ditugu. Eta bereizketa horren arabera, hezurrak ateratzen ari garen heinean zehazten dugu ze mailatan dagoen, horrela gero konparaketak egiteko errazagoa izan dadin. Finean, estratigrafia deritzon hori ez galtzea da lan egiteko modu horren helburu nagusia. 

Hitz egin dezagun datazioaz. Nola kalkulatu duzue noizkoak diren aztarnak? 

Hori da gure arazo handiena. Datazioetarako maila zaharrenean eta gazteenean sailkatutako hezurrak bidali genituen. Eta horren ondo daude kontserbatuta, uste genuela 40.000 urte izango zituztela gehien jota. Baina ez, karbono 14 edo erradiokarbonoaren metodoarekin hezurrak datatzeko dagoen muga da 50.000 urtera artekoa. Eta hezur gazteenek dagoeneko 50.000 urte baino gehiago dituzte. Hortaz, gainerako hezurrak askoz zaharragoak dira. Badakigu, aldi berean, ez dituztela 130.000 urte baino gehiago, izan ere, lehen errinozero iletsuak duela 130.000 urte inguru agertu ziren. Bitarte horren barruan ze garaitakoak diren ahalik eta gehien zehazteko beste metodo batzuk erabili ditugu; analitikekin ari gara oraindik. Joan den astean heldu ziren, esaterako, Eskoziara bidalitako laginak morfometriak egiteko. Hau da, azaroaren 24ko hitzaldia lehen aldia izango da argitaratzen dena Artazu VIII.  

Nola planteatuko duzue Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik azaroaren 24an Pedro Castañosek eta zuk emango duzuen hitzaldia? 

Ugaztunetan Euskal Herrian dugun aditu garrantzitsuena da Pedro Castaños. Nik hasiko dut hitzaldia Kobateko indusketa nola egin dugun azaldu eta datuak nola hartu ditugun azaltzeko. Eta datu horietan oinarrituta, gutxi gorabehera badaukat ideia bat nola sortu zen zulo hori eta nola metatu ziren hezurrak bertan. Zulo hori nola sortu eta metatu zen azaldu ostean, Pedrok azalduko du bertan dauden espezieak zeintzuk diren eta ze garrantzia duten Kantaurialdeko testuinguruan. Saiatuko da pieza batzuk ere bertatik bertara erakusten; Pedro oso dibulgatzaile ona da. 

Halako aurkikuntza garrantzitsu bat gizarteratzea ezinbestekoa delako, edo? 

Normalean indusketak amaitu arte ez dugu gaiaren berri ematen, besteak beste, aztarnategietan hezurrak lapurtzen duen jendea dagoelako. Kasu honetan ez dago arazorik, guztia ondo batu dugu-eta. 

Aurkikuntzak aurrerantzean diziplina anitzeko ikerketa behar duela diozu. Zergatik? 

Imajinatu CSI telesailean gaudela. Lehen forentsea etorri da eta esan digu erailketa duela 50.000 eta 130.000 urte artean gertatu zela. Orain saiatu behar gara epe hori zehazten, eta hiltzailea nor den harrapatu nahi badugu, koartadak ondo konprobatzeko, zehatzak izan behar gara. Baina jakin beharko dugu erailketa gertatu zen ingurunea nolakoa zen; mikro-ugaztunak oinarri hartuko ditugu edo polena aztertuko dugu. Bestalde, hezurretan egingo ditugun analisi isotopikoek lagunduko digute tenperatura kalkulatzen, baina baita jakiten hor hil diren bisonteak, oreinak edo errinozeronte iletsuak bertan bizi izan ziren edo negua pasatzera bakarrik etorri ziren, adibidez. Lan handia geratzen da oraindik. 

(Argazkia: Indusketen azken egunak Artazu VIII aztarnategian. Bi aldeetan ikus daitezke agerian geratu den leizearen hormak) 

Lan handia, ondo koordinatua eta kualifikatua eskatuko du halako proiektu batek.  

Indusketetan ibili ginen Pedro eta biok, Alvaro Arrizabalaga, Maria Jose Iriarte eta Aitziber Suarez. Beste hiru geokimiko, polenarekin beste bi... Hamalau espezialista gutxienez, bakoitza bere datuak ematen. Kasu honetan metodo guztiak kontuan hartuz jaso genituen laginak, informaziorik ez galtzeko.    

Uste duzu indusketak gizartearen interesekoak direla orokorrean? 

Arkeologikoak eta paleontologikoak berezituko nituzke. Arkeologikoak, gizakiarekin lotuta daudenak, interesa pizten dute. Eta Arrasateko inguruak bereziki dira aberatsak arlo horretan, hor dago Leze Txiki. Eta Artazu VIII Leze Txikitik 300 metro eskasera dago, itzela da. Ingurune hau oso garrantzitsua izan zen; Kantauri isurialdean eta Iberiar Penintsulan aurkitzen ez den fauna aurkitu daiteke Arrasateko inguruetan. Bestalde, aurkikuntza paleontologikoek ez dute orokorrean interes handirik pizten, dinosauroen aztarnak ez badira behintzat aurkitzen direnak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak