Denok gara Anari [kronika]

Jon Berezibar 2015ko aza. 20a, 12:36

Anari ez da sarriegi etortzen Debagoienera eta jarraitzaileek ez zuten atzo Koolturren emandako aukera galdu. Arrasateko gaztetxea ia beteta, Zure aurrekari penalak lana aurkeztu zuen Azkoitiko kantariak. Une ederrak eta berandu barik klasiko izango diren kantu berriak utzi zituen. 

"Gabon, Anari gara" dio kantariak berak saioa hasteko, Hareago kantua amaitu bazain laster, agur modura bera eta taldea aurkezteko. Ez zaio arrazoirik falta azkoitiarrari, baina areago, guztiok gara apur bat Anari ala, bai behintzat, bart gaztetxea ia betetzera heldutako jarraitzaile taldea. Bost diskotan, euskal kantagintzaren egungo erreferente bilakatzeaz gain, hiztegi sentimental musikatu oso bat eskaini dio belaunaldi oso bati Alberdik, aldi berean Laboa zein Sarrionandiarengandik edanda eta eremu berrietara zabalduta.

Bart aurkeztu eta osorik jotako Zure aurrekari penalak berriak, hain zuzen, asko dauka hizkuntza jolasetik, ironia punturik ez baitzaio falta, kantariak berak elkarrizketatan azaldu moduan, egunkarietako hizkuntza prozesal eta politikoa – lexiko politikoa, poetikara –, barne samin, galdera eta zalantzen eremu zaurgarrietara eramateko saiakeran. Hizkuntzaren gaitasun eta ez-gaitasunak.

Anariren atzoko edukazio sentimental saioak  talde osoa izan zuen gainera oholtzaide: Borja Iglesias (gitarra, eta sukarrak jota bart), Drake (baxua), Mariano Hurtado (pianoa eta teklatuak) eta Mikel Txopeitia (bateria). Bainarik gabeko boskotea.

Sarrera eginda, banan bana aletu zuen zuzenean disko berria: soinua txukun, indarra neurrian eta alerik ale, ikusleak bereganatuta. Lehen erdia aurrekari penalei eman zien taldeak eta Ametsen eraiste neurtua eta Arquimedes berriak klasikorako bidea hartua dutela ikusi zen. 

Kontzertuaren erdia gauzatuta, iraganerako keinuen txanda iritsi zen Aingura hegodunak berreskuratzeko ala, are atzerago jota, lehen diskoko Galderak 1. aspaldikoa gitarrarekin bakarka biluztuta, ezin ederragoa bere molde soilenean ere. Bakarkako intimitate goxo horretan jo zuen Efemerideak sasi-bertsioa, Gora Japonen esperimentazio erotik, gitarra zaurituaren doinuetara ekarrita. Enkantua ordurako egina zegoen, tamalez gero ia zapuztera helduko zena, kantariak berak eskatuta, aretoko argi zuriak piztu baitzituzten eta hein baten desegin zelako ilunpetan batutako goxotasun eta isiltasuna.

Hala eta guztiz ere, fluoreszente nekagarririk ez dago Orfidentalak ala Otzanak modukoei lehiatuko zaienik eta, are gutxiago, indar eta kinada berezia izan zuen Oreinak bikainari, bertsio luzean.

Zure ertza eta Armagabetzea abestiekin amaitu zuen Anarik, azken horren coda erantsi astun eta indartsuarekin, elektriko. Zama askatuta, kantuekin etengabe ihes eta itzulian. Hori kontatu zuen Anarik atzo Arrasate Irratian egin zioten elkarrizketan; abeslariak, disko batekin, aurrekoarengandik ihes moduko bat egiten duela, alegia. Zure aurrekari penalak ihes eder bat da beste behin ere, baita zuzenean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak