1995ean sortu zen elkarte moduan baina sorrera ulertzeko atzerago egin beharra dago. Izan ere, 1985ean Ekin AEDko lantalde moduan eratu zen emakumeendako aisialdirako gune euskaldunak sortzeko: "Orduan emakumeen interesekoak izan zitezkeen euskarazko hitzaldi eta ikastaroak antolatzen hasi ziren", ekarri du gogora Ekin elkarteko eragile Leire Estevezek.
Aniztasuna eta parekidetasuna, euskaratik
Oraindik ere helburu horri eusten diote, baina azken urteetan "beharrezko" ikusi dute jatorri ezberdinetako emakumeen beharretan eta interesetan arreta jartzea. Horregatik kultura aniztasuna da Ekinen jardunaren oinarrizko zutabeetako bat: "Ekin, euskaratik aniztasunean bizi den gizarte parekideagoa eraikitzeko lan egiten duen elkartea da".
Gaur egungo proiektuen artean dago, esaterako, Arrasatetik Mundura egitasmoa –ikus 12. orria. Bestalde, Auzoko ekimenaren bidez euskarara hurbildu gura dutenek eta euskaraz bizi direnek elkarrekintzan jartzen dira astean ordubetez. Aurten, gainera, oso harrera ona izan zuen Artean, Hamaika Emakume Artista erakusketa antolatu zuten. Eta Azaroaren 25ari begira gazteekin kontzientziaziorako saioak egingo dituzte eta lelo lehiaketa bat ere antolatuko dute.
Belaunaldi berriei begira
Ekin "hausnarketa fasean" dago orain: "Elkartearen identitateari dagokion lanketa egin dugu eta hurrengo hilabeteetan horretan sakontzea da asmoa", iragarri du Estevezek. Helburuei eusteko lanean jarraitzeaz gain, belaunaldi berrietara iristea da elkartearen erronketako bat.
20. urteurrena ospatzeko ekitaldi xume bat egingo dute gaur Herriko Plazan, 18:30ean. Elkarteko parte izan direnak gonbidatu dituzte bereziki: bertsolariak, pintxoak eta edariak –euro baten salgai–, Ibai-Arteren dendetan gastatzeko txartelen zozketa eta Lide Pagaldai eta Eneritz Urrutiaren eskutik erromeria izango dute.