Iturbide egoitzatik aurreratu dutenez, Maider Arregi eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariek saio polita egin zuten: "Bat-bateko bertsoekin, kantu herrikoiekin eta egoiliar bakoitzaren bizipenekin girotuta egon zen saioa eta oso polita izan zen", esan dute.
Adinekoendako espreski antolatutako hamaika bertso-emanaldi jasotzen dituen programa da Adin Adin, beste horrenbeste egoitzatan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanku bertso zerbitzuak elkarteak elkarlanean egindako proiektua da eta saioetako bi bailaran izan dira; eguenean Arrasateko Iturbiden egindakoeta eta aurretik, Bergarako Mizpirualden egin zena.
Bertsoaren onurak
Programaren bultzatzaileek bertsoak adineko pertsonengan duen eragin positiboa azpimarratzen dute. Nagusi askorentzat, euskal kulturako erreferente bakarra dela diote eta kasu horretan bitarteko bihurtzen dela adineko pertsonek euren memoria landu dezaten. Horrekin batera, euren bizipenak, oroitzapenak, gogoratzen dituztela eta zaila dela motibazio hori beste modu batera lortzea. Horrekin batera, parte-hartzea bultzatzen duela ere nabarmentzen dute, euren arteko harremanak hobetzen dituela, eta bertsoen atzean dagoen umore puntu horrek depresioari aurre hobeto egiten laguntzen duela.