Begietatik sartzen diren hemeretzi artisten lanak daude gaurtik Kulturaten

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 13a, 11:16
Iñigo Arregi eskulturagilea eta Juan Luis Goikolea margolaria erakusketa gertatzen.

Debagoieneko, Debabarreneko eta inguruetako hemeretzi artistek sortutako azken lanak erakutsiko dituzte gaurtik Arrasateko Kulturateko klaustroan. Begitik izenarekin margolanak eta eskulturak elkartu dituzte eta gaur, egubakoitza, inauguratuko dute, 19:00etan. Ondoren, abenduaren 19a bitartean izango da zabalik astelehenetik egubakoitzera, 17:30etik 20:30era.

Belaunaldi bereko hemeretzi artista sortutako azken lanak erakutsiko dituzte. Artista horien artean daude Bergarako Ricardo Azkargorta eta Bingen de Pedro, Elgetako Pello Alberdi, eta Arrasateko Juan Luis Goikolea eta Iñigo Arregi. "Handik eta hemendik ezagutzen gara guztiok, eta elkarrekin erakusketak antolatzea erabaki genuen orain urte batzuk. Ordutik urtero egin izan ditugu; bosgarrena dela uste dut", jakinarazi du Arregik. Uztailean, esaterako, Bergaran elkartu ziren eta aurretik Eibarren eta Durangon ere bai. 

Begitik izenaren bueltan jaso dituzte lanak oraingoan: "Esanahi bikoitza du horrek: batetik, begiekin ikusten ditugun lanak direla, begietatik sartzen direnak; eta bestetik, Arrasatera etorrita, zerbait hobeto ikusteko erabiltzen den espresioa da, norbaiti begiratzera bultzatzeko esaten dena", azaldu du eskarmentu handia duen eskulturagileak. 

Artista bakoitzarendako hiru metro pasatxo gorde dituzte Kulturateko klaustroan, eta han egokituko dituzte lanok. Batzuek bakarra erakutsiko dute, eta beste batzuek bi; hiru edo lau lanekin muntaia txiki bat egingo duenik ere izango da. Eta bataren lanak bestearenarekin ez duela inolako zerikusirik azaldu du Arregik: "Norberak bere proiektua du eta hori erakutsiko dugu". Hala, margolanen artean daude mihisean egindako akrilikoak eta ohol gainean egindako olioak eta eskulturen artean zeramikazko obrak eta altzairu herdolgaitzaz egindakoak, besteak beste.

Artisten azken lanak 

Bergarako erakusketak harrera ezin hobea izan zuen, eta artistak oso pozik daude: "Guretako topaleku garrantzitsua da Bergara, erreferentziazko tokia bihurtu da Aroztegi aretoa eta pozik joaten gara, lagundu ere asko egiten digute han eta". 

Arrasatera dakartzaten lanak, baina, ez dira han erakutsitakoak izango. "Gure azken lanekin gatoz orain. Nire kasuan, han jarritako obra bat hona ere badakart pieza garrantzitsua delako; prozesu bat eta serie bat hasiko dut horrekin. Horregatik erakusteko interes handia daukat. Baina, bigarren obra, beste bat da". Eta onartu du erakusketa garrantzitsua dela Kulturaten jarritakoa.

Artistak honako hauek dira: 

  • Asier Laspiur (Eibar, 1960) Eskulturagilea.
  • Alberto Ibañez (Eibar, 1958) Margolaria.
  • Vicente Iriondo (Eibar, 1953) Margolaria.
  • Marina Barrena (Eibar, 1963) Margolaria.
  • Jose Antonio Azpilikueta (Eibar, 1962) Margolaria.
  • Fernando De Vicente (Eibar, 1965) Margolaria.
  • Txiki Agirre-Keixeta (Zumaia, 1963) Eskulturagilea eta Margolaria.
  • Jose Ramon Elortza (Elgoibar, 1957) Margolaria.
  • Ricardo Azkargorta (Bergara, 1958) Margolaria.
  • Pello Alberdi (Elgeta, 1958) Margolaria.
  • Iñigo Arregi (Arrasate, 1954) Eskulturagilea.
  • Bingen de Pedro (Bergara, 1961) Margolaria.
  • Juan Luis Goikolea (Arrasate, 1954) Margolaria.
  • Aitor Etxeberria (Mendaro, 1958) Margolaria.
  • Barbara Stammel (Alemania, 1960) Margolaria.
  • Baroja Collet (Frantzia, 1957) Eskulturagilea.
  • Marino Plaza (Eibar) Eskulturagilea.
  • Jose Felix Igartua (Ermua, 1948) Margolaria.
  • Aitor Sarasketa Segurola (Eibar, 1962) Margolaria.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak