Eneko Barberena: "Metodologia okerra planteatzen du Udalak gaiak lantzeko orduan"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko aza. 13a, 09:31
Eneko Barberena, asteon ateratako argazkian.

Agintaldi berriak bost hilabete eskas bete dituenean EH Bilduk orain arteko udal politikaren balorazioa egin du lehen aldiz. Koalizioko bozeramaile Eneko Barberenak (Arrasate, 1983) hainbat gabezia ikusten ditu orain arteko Udalaren jardunean.

Nola ikusten duzue, oposiziotik, Udal Gobernuaren kudeaketa?

Uste dugu metodologia okerra ari direla planteatzen gaiak lantzeko orduan: lehenengo Udalean erabakiak hartu eta gero gizarteratu. Garbiketarako ordenantza da horren adibide bat, izan ere, planteatzen den egutegian Udal barruko debatea aurreikusten da gero ordenantza onartzeko. Metodologikoki horren aurka gaude; uste dugu herritarrak orokorrean, eta kalea komunikatzeko bitarteko moduan erabiltzen duten eragileak bereziki, entzun egin behar direla. Horrek estilo bat markatzen du, are gehiago, delikatuak diren gaietan. Izan ere, ordenantza horrek bete-betean egiten du talka adierazpen askatasunarekin. Ez gaude gaia lantzearen aurka, baina uste dugu kontrakoa egin behar dela halako gaietan, herritarren artean debatea zabaldu lehenengo eta gero, adostasun bat dagoenean, ordenantza onartu. 

Zergatik ez zarete Oroimenaren Eguneko ekitaldian egon?

Duela hiruzpalau aste galdetu genion alkateari Memoriaren Egunaren harira ea zerbait egin behar genuen eta esan zigun ez zegoela tarterik gaia lantzeko. Horren ostean, egubakoitzean heldu zitzaigun martitzenerako deialdia, Jaurlauritzaren ekimenez Udalei deitua. Orain bertan ez dakigu Frankismoan fusilatutako pertsona baten biloba bati haren aitajauna biktima den erantzuten, Josu Uribetxeberriaren sendia badatorkigu ere ez dakigu galdera berari erantzuten... Martitzenekoa moduko ekintzen norabidearekin bat gatoz, baina aurretik lanketa bat egin behar da. Bi proposamen zehatz egin ditugu: lantalde bat sortzea eta lantalde horren jarduna 2016ko aurrekontuan islatzea. Udalak kaltetuei, adituei eta memoria lantzen diharduten eragileei entzuten dietenean, udaletxean gaiak merezi duen entitatea hartzen duenean, gu ere elkarretaratzean egongo gara.

Parte-hartzea lantzen dihardu udal gobernuak. Zein da zuen iritzia?

Kezkatuta gaude parte-hartzearen kontzeptuak izan dezakeen garapenarekin. Arrasatek orain arte izan duen parte-hartze prozesu sakonena eta beteena, azokarena, egun batetik bestera suntsitu zuten. Eta gu prentsatik enteratu ginen. Hortaz, imajinatzen dut prozesuan parte hartu zuten eragileak ere modu berean enteratu zirela. Alkateak esan zigun EAJ kanpainan proiektu horren aurka agertu zela, baina uste dugu desadostasuna beste era batera kudeatu zitekeela. Zer gutxiago inplikatuei zuzenean komunikatu eta erabakiaren gaineko iritzia entzutea baino. 

Arrasate pasealekuaren harira kezka azaldu zenuten osoko bilkura baten.

Jabe gara aurreko agintaldian ez genuela gaia ondo kudeatu. Ez genituen gauzak ondo egin edo ez genuen ondo komunikatzen jakin. Ezinegona egon da, eta sinadura bilketa batekin islatu zen. Baina gero erabakiak gobernuak hartu ditu, eta ez dakigu ze punturaino modu antolatu baten entzun den inplikatu guztien iritzia. Sinatu ez zuten beste kaltetu batzuk ere egon ziren eta izango zuten zer esan. 

Udaleko jardunean euskarak duen lekuaz ere kezkatu zarete. Zergatik? 

Udalbatzak bi zinegotzi elebakar ditu, horietako bat bozeramailea. Horrek eta mozio batzuk gaztelania hutsez aurkezteak eragin du hasierako osoko bilkuretan gaztelaniak pisu nabarmena izatea. Bozeramaileon artean gaia tratatzen ari gara, neurri zuzentzaileak planteatu dira: mozioak euskaraz irakurtzea, gaztelaniazko diktamenak euskaratzea... Alkatearen jarrera ona da gaiarekiko, baina batzordeetan zorroztasuna eskatzen dugu euskararen erabilera plana betetzeko, Udaleko hizkuntza euskara izan dadin. 

Ze harreman duzue taldeen artean?

Gehienok berriak gara eta oro har ona da, baina oraindik eraikitzeke daude; orain arteko lana gutxietsi barik, gai potoloenak lantzeke daude. Ikusiko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak