EH Bilduk ez du Oroimenaren Egunaren harira antolatutako elkarretaratzean parte hartuko

Koalizio ezkertiar eta abertzalea ez da gaur Arrasateko Udalak Oroimenaren Egunaren harira antolatu duen ekitaldian egongo: "Ez dira etxeko lanak aurrez egin eta EAJ-PSEko gobernuak beste udal taldeen babesaz berandu eta era inprobisatu baten hartu du iniziatiba. Jabe gara urteetako sufrimenduak amaiera behar duela eta hor guk gure erantzukizuna badugula. Ez diogu erantzukizun horri muzin egin nahi, baina ezin dugu inpultso hutsean eta azalkerian geratu. Lanean hasten bagara sakon eta zintzo, hurrengo urtean plazan ikusiko dugu elkar", adierazi dute. 

EH Bilduren arabera, gai horrek "bereziki", lanketa "serio, diskretu, lasaia eta konpromiso handikoa" eskatzen du. Eta honako hau gaineratu dute: "Duela hiru aste Maria Ubarretxena alkateak berak adierazi zigun ez zuela tarterik ikusten lanketa sakonik egiteko eta egubakoitzean sorpresaz jaso genuen deialdia martitzenerako. Tarte txikiegia etxe barruan, kaltetuekin eta herritarrekin gaia lantzeko. Metodologia oso garrantzitsua da, are gehiago gai honi dagokionean".

"Memoria bakarra?"

Memoria noiztik lantzen hasi behar den zehazteko ere zalantzak ditu Arrasateko EH Bilduk: "Oraindik ez dakigu memoria bakarra, memoria ugari edo pertsona bakoitzak nork bere memoria izango duen. Ez dakigu memorian sartu beharreko tartea 1960ean hasten den edo 1936an. Dakiguna da Arrasateko biktimen erretratua osatzeke dela eta zauriak ixteko ezin dugula duda-mudazko urratsik eman. Galderei erantzunak emango dizkieten pausoak eman behar ditugu".

Erlazionatuak

Oroimenaren Eguneko elkarretaratzeak egingo dituzte Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan

Debagoieneko hiru herriotan izango du oihartzun instituzionala aurten biktimak gogoratzeko egunak. Bergarako Udalak eta Aretxabaletako eta Arrasate...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.