Egubakoitzean Arrasatetik Bordelerako bidaia egin, eta zapatu eguerdian lagunarteko partidua izan zuten bertako Archiball taldearen aurka. Arkitektoez eta eraikuntza munduan lan egiten duten jokalariez osatutako taldea da berau, bidaian izan zen David Jauregi Herensugeetako kideak azaldu duenez.
Bisitariek galdu egin zuten, 6 eta 1eko emaitzarekin bukatu baitzen partidua. "Gu baino gazteagoak eta hobeto prestatutakoak ziren haiek", esan du Jauregik. Hala ere, oso ondo pasatu zutela azpimarratu du: "partiduaren ostean elkarrekin bazkaldu genuen, eta ondoren afaldu ere bai". Bordeleko lagunez gain, baina, bazkarirako Edinburgoko Selkirk taldeko beste lagun batzuk ere iritsi ziren hegazkinez. Hala, guztiek elkarrekin munduko errugbi txapelketako finala ikusi zuten arratsaldean: Zeelanda Berria Australiaren aurka -lehenengoek irabazi zuten-.
Taldearen jarduna
Gaur egun 37 bazkidek osatzen dute guztira Herensugeak taldea. "Arrasateko errugbi taldean aritu izan den edo errugbian jokatu eta Arrasaten bizi den edonor izan daitezke bazkide". Hala ere, urtean zehar antolatzen dituzten lagunarteko partiduetan bazkide ez diren hainbat jokalarik ere hartzen dute parte.
Urtero sei edo zortzi partidu inguru jokatzen dituztela azaldu du Jauregik: "aurten Iruñan, Logroñon, Hernanin, Donostiako Beteranoen Munduko Txapelketan eta Donostiako taldeen aurka jokatzen izan gara". Aurreko urteetan ere asko bidaiatu dute Herensugeek; Portugalen, Alemanian edota Italian izan dira, besteak beste
Pasa den asteburuan Bordelen jokatutakoa aurtengo azken lagunartekoa izan da taldearentzat, baina, oraindik datarik zehaztu ez duten arren, Juaristik aurreratu du datorren urtean Alemaniara irteera bat egin nahiko luketela, eta bestela, Eskozia aldera.
Hala ere, beteranoen elkartearen jarduna ez da soilik partiduetara mugatzen. Urtean zehar kideak elkarrekin bazkariak edo egun pasak egiteko ere batzen dira, esaterako. Gainera, urtean behin batzarra egin dute. Abenduaren 12an elkartuko dira aurten, eta horren aitzakiaz, jokoak ere egin nahi dituzte kalean, herritarrekin batera. Hala, haien asmoa Herriko Plazan errugbiko ate bat inprobisatu eta baloi obalatua bertan sartzeko jokoa antolatzea da, beste urte batzuetan egin izan duten bezala.
Errugbia, bizi osorako
Senior taldea utzi ostean errugbiarekiko loturak ez duela zertan eten erakusten du Herensugeak taldeak. Hala, talde konpetitiboan jarraitu ez arren, kirol horretaz modu ludikoagoaz gozatzen dute beteranoek.
David Juaristik azaldu duenez, Arrasateko senior taldetik erretiroa hartu eta berehala apuntatu daiteke beteranoenean. Hark dioenez, badute jendea taldean, baina orain "jende gazte gehiago" komeni zaie. Hala ere, esan du "poliki-poliki" badoazela jokalari eta bazkideak batzen.