Hiru belaunalditan arrastoa utzi duen irakaslea gogoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko aza. 6a, 07:00
Isabel Iturbe lanean Garagartzako eta Gesalibarko eskola txikian.

Isabel Iturbe eskola-maistra arrasatearraren ikasle izandakoek omenaldia egingo diote domekan Arrasateko Garagartza auzoko San Migel elizan (11:00). Ikasleek Iturberen oroitzapen ederrak gordetzen dituzte, bereziki Gesalibarko eta Garagartzako eskola zaharrean ibili zirenek: "Oso maitekorra zen, bihotz erraldoia zuen pertsona. Isabelen gainean esan dezakedan guztia gutxi da, erreferente ukaezina izan da niretako, ama bat bezalakoa", dio haren ikasleetako batek. 

Nekez aurkitu ahal izango da Arrasaten Isabel Iturbe (Arrasate, 1917-2015) bezain maitatua izan den irakasle bat. Nostalgiaz eta maitasunez betetako hitzekin gogoratzen dute Iturbe, "andereño Isabel", haren ikasle izandakoek, bereziki, Gesalibarko eta Garagartzako eskolan aritu zirenek: "Eskola garaietako bizitzan murgildu eta oroitzapen ugari datorkigu: nola etortzen zen oinez Arrasatetik Gesalibarrera, euria, elurra edo txingorra eginda ere; nola prestatzen genituen Gabonak, goroldiaren eta zuhaitzaren bila joanez ondoren jaiotza erraldoia jartzeko; nola mozten genuen egurra gero estufa piztu eta suaren epelean egoteko...".  

Uztailaren 29an hil zen, 98 urte zituela, eta zenbait ikasle tanatorioan eta hileta-elizkizunetan egon ziren arren, orain omenaldi "xume" bat egitea erabaki dute: "Dagoen tokian dagoela –agian, berak sinisten zuen zeruan–, bihoakio gure omenaldi xumeena". 

Argazkia: Neska taldea eskolaren atarian 1950ean –Isabel Iturbe erdian–. 

Gonbidapena ikasle guztiei

Omenaldiaren antolatzaileek domekan Garagartzako San Migel elizan egingo den mezara (11:00) gonbidatu dituzte haren ikasle izan ziren guztiak, eta horren ondoren luntxa egiteko asmoa dute. Era berean, ez dute alboratzen aurrerago omenaldi landuagoa egitea, "denboraz eta hobeto antolatuta". 

Argazkia: Iturbe –erdian–, haren ikasleekin, 1963an.

Garagartza ala Gesalibar?

Irakasle moduan Gesalibar eta Garagartza artean zegoen eskolan egin zituen urte gehien, eta ikasle haien artean utzi zuen arrastorik handiena. Eskolak berak bi auzoen arteko muga markatzen zuen: "Gure artean pikea zegoen orduan, oso ezberdina zen Garagartzakoa edo Gesalibarkoa izatea... Orain, baina, oso ondo konpontzen gara", gogoratzen du Iturberen ikasle izandako Placida Garciak. Gaur egungo Atxabalpe futbol zelai nagusiaren eta ondokoaren artean zegoen eskola, eta 1979ko ekainean itxi zuten. Ordurako zortzi ikasle besterik ez zegoen eskolan eta ordurako 62 urte zituen Iturbek. 

Zenbait urtez eskola itxita egon ostean, Atxabalpe futbol zelaia eraikitzeko bota zuten –Mondra taldea 1988an hasi zen bertan jokatzen–. 

Argazkia: Urteek aurrera egin ahala, neskak eta mutilak batera egon zitezkeen gelan. Goiko irudia 1969koa da; eskola zaharra 1979ko ekainean itxi zuten.  

Argazkia: Gero eta ikasle gutxiago, 1971-1972ko ikasturtean ateratako erretratuan ikusten denez.  

Euskaraz ere frankismo garaian

Eskola hura nazionala zen: "Gogoratzen dut bandera frankista atera behar izaten genuela", dio Garciak. Eta klasean Francoren argazkia izatea derrigorrezkoa zen. Hala ere, Iturberen beste ikasle batek, Amaia Pagaldaik, oso presente du eskola-maistrak euskaraz ere egiten ziela: "Eskolak gaztelaniaz ematen genituen, baina guri euskaraz ere egiten zigun frankismoko azken urteetan, artean euskaraz egitea debekatuta zegoenean". 

Argazkia: Ikasleak omenaldian zuzeneko emanaldia egiten, Francoren begiradapean.

Gesalibar eta Garagartza arteko eskola hura itxi zenean, Erguin auzoan jarraitu zuen Iturbek eskolak ematen –egun Erguin kalean Eusko Jaurlaritzak duen osasun mentaleko eta asistentzia psikiatrikoko zentroa dagoen lekuan, hain justu–; eskola hura ere nazionala zen. Handik San Frantzisko Xabier ikastolara pasatu zen; Pablo Urangako lokaletan Haur Hezkuntzako ikasleekin ibili ostean hartu zuen erretiroa. 

Argazkia: San Frantzisko Xabier ikastolako Aratusteak 1982an –Pablo Urangan–. 

Pagaldaik gogoratzen duenez, oso berandu erretiratu zen euren maistra kutuna: "70 bat urte izango zituen erretiratu zenerako, eta ume txikienekin ibili zen azken urteetan". Izaeraz "oso apala" zela dio Pagaldaik: "Ez zuen autorik izan eta egunero oinez etortzen zen Arrasatetik, udan zein neguan. San Juan de Dios ospitaleko langileek tarteka autoan hartzen zuten, baina ez zitzaion oinez joatea inporta. Beti bazkari xumea eramaten zuen eskolara eta akordatzen naiz beti berdina jaten zuela esaten geniola". Eta honako hau gaineratu du: "Ikurra izan zen guretako, ikasle guztiok oso oroitzapen onak ditugu". Eskola-maistra moduan 25 urte egin zituenean omenaldia egin zioten eskola zaharrean; Gesalibarko alkate Eugenio Auzmendik eta Garagartzako alkate Felipe Nafarretek hartu zuten parte, besteak beste. 

Argazkia: Maistra lanetan 25 urte egin zitueneko omenaldia; ondoan, Mikel Olabe. 

Argazkia: Omenaldian, Eugenio Auzmendi eta Felipe Nafarrete auzo-alkateekin batera. 

Ikasleen urteroko oparia

Bitxikeria moduan, Pagaldaik gogoan du nola azaroan izaten zen haren urtebetetzea eta ikasleek, opari gisa, ia urtero tokilla bat eta betaurrekoendako zorro bat erregalatzen ziotela. Udaberria "izugarri" gustatzen zitzaion eta maiatzean ohitura zuten loreak batzeko: "Loreak eramaten genizkion baina batzuetan San Juan de Dios ospitaletik lapurtzen genituen; esaten zigun hori ez zela egin behar, hobeto zela lorerik ez ekartzea lapurtzea baino", kontatu du Pagaldaik. 

Era berean, Garciak oso gogoan dauka nolakoa zen Iturbe: "Oso maitekorra zen, bihotz erraldoia zuen pertsona. Ni Extremaduratik etorri nintzen 8 urte nituela, eta ez zuen sekula bereizketarik egin izan. Gogoan dut ahizpari eta bioi arropa ematen zigula, zailtasun handiak genituen-eta. Isabelen gainean esan dezakedan guztia gutxi da, erreferente ukaezina izan da niretako, ama bat bezalakoa. Akordatzen naiz 54 neskato ginela klasean, eta guztiok kontrolatzeko gai zela. Nola aldatu diren gauzak...". 

Isabel Iturberen omenezko bertsoa

Isabel Iturberen ikasle izan zirenetako batzuek antolatu dute omenaldia, "zerbait" egin behar zitzaiola sinetsita: "Gogoeta eginez, eskola garaiko bizitzan murgildu eta oroitzapen ugari datorkigu. Zenbat kantu, antzerki, arrosario, eskulan... ikasi eta bizi izan genituen Isabelekin, giza balio sendoak barneratuz oharkabean". Horregatik, jarraian datorren bertsoa eskaini diote Iturberi: 

Mila bederatziehun ta berrogei

izango zen inguru hartan

frankismoaren gordintasuna

danok bizi azaletan,

Gesalibarko eskolan hasi

zu irakasle lanetan

eta bizpahiru belaunaldi

pasatu zure eskutan,

Ai zenbat une gazi ta gozo

biziko zenittuen bertan!!!

 

Gesalibar zein Garagartzako

neskak ginen zeure ikasle

geure artean liskar ugari

danok izan gura garaile

bizikidetza estrategiak

zu erabiltzean jabe

saiatzen zinen… baina alferrik

geure auzoa  irabazle,

eskerrak urteak pasa ahala

konturatu ginen, ta bale.

 

Pertsona  zein irakasle gisa

guretzako izan eredu

hainbat urtetan apal ta umil

Arrasatetik hona heldu,

kotxerik gabe, sarritan oinez

puntuan beti seguru

bazkari xume eta arina

ta geurekin konpartittu, 

zeu bezalako irakaslea

guk bai izatea, helburu.

 

Adin nahasketen antolaketa

zuretzako ez nobedade

garaian garaikoa lantzean

zeu zinen benetan bai jabe,

maiatzeko  arratsaldeetan

loreak biltzen dotore

gogoz abesten, zein gantxilloan

jolastuz gurekin ere,

Zu gure irakasle izana

benetan Isabel ohore!!!

 

Uztail uda bero goxoan

Isabel zinen bai agurtu

apaltasunaren ispilua

zintzoa benetan agertu,

eskola txikian hasi eta

ikastolan jubilatu

ibilbide luze paroan

denetik zaizu tokatu,

hainbat urtetan emandakoa

hemen nahi genuke eskertu.

Gesalibarko eta Garagartzako zure ikasleak izandakoak. 

Ikasle taldea: "Miresteaz batera, asko maite genuen"

Omenaldirako maitasunez jositako honako testu hau prestatu dute zenbait ikaslek: "Hemen elkartu garenok omenaldia egin nahi diogu emakume miresgarri bati, Isabel andereñoari. Txikitatik erakutsi zigun irakurtzen eta idazten, eta josten; nola ahaztu bainikak, botoi-zuloak edo joskintza frantsesa lantzeko eguazten haiek. Gainera, josten ari ginela liburu liluragarriak irakurtzen zizkigun, interesgarriena zetorrenean moztu eta hurrengo egunean amaiera jakiteko deseatzen uzten gintuen bitartean. Nola ahaztu maiatzeko arratsalde haiek loreak jaso eta Ama Birjinari eraman eta abesten genionekoak. Ikasturte amaierako txangoak hondartzara, sariak, erakusketak, errezitatzen genituen poemak...

Konpartitzen irakatsi zigun eta kanpotik bizimodu hobe baten bila etorritako neskak gure artean integratzen erakutsi zigun. Horrenbeste gauza irakatsi zigun, ez genuke sekula amaituko. Andereño Isabel miresteaz batera, asko maite genuen. Zorte handia izan dugu maistra eta emakume horren berezia izatearren. Irakaskuntzari eskaini zion bizitza eta ikasleen alde egitearren beste hainbat gauza alboratu zituen. Eskerrik asko, andereño Isabel". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak