Goizean Kurtzetxikira bueltatxoa egin zuten eskubaloi jokalari ohiek; bertan argazki batzuk atera, eta berriro ere herrira jaitsi ziren: "denak ez ginen joan, baina talde polita bildu ginen", dio Ramon Arantzabalek -1976 eta 2006 urteen bitartean jokatu zuen berak eskubaloian; ondoren, entrenadore ere izan zen urte pare batez-. Horren ostean, mokadutxoa jan zuten Udalpen, eta ondoren bazkaria, istorio eta anekdotak kontatuz elkarri.
Arratsaldean, berriz Iturripera, partidua ikustera. Badira bederatzi urte Arrasateko eta Oñatiko taldeek ez dutela elkarren aurka jokatu; horrenbestez, partidu berezia izan zen, batez ere etxekoek lortu zutelako azkenean garaipena eta lider jarri zirelako. "Kriston anbientea jarri genuen; Oñatiko jendez beteta zegoen kiroldegia, eta gu heldu arte, eurei bakarrik entzuten zitzaien", dio Arantzabalek.
Omenaldia
Zapatuko derbian, gainera, urte askoan zehar Ford Mugarri taldeko jokalari izan diren eta pasa den denboraldian erretiratu diren hiru jokalariri omenaldia egin zieten, urtetako haien lana eskertzeko asmoz. Kepa Isasmendi, Ekaitz Aranburuzabala eta Oier Ortiz de Mendibil izan ziren taldearen zein zaleen esker ona jaso zutenak. Txalo zaparrada jaso zuten hirurek Iturripeko polikiroldegian bildu ziren ikusle guztien partetik.
Zaletasuna herrian
Andoni Arando Ford Mugarri Arrasate Eskubaloi taldeko zuzendaritzako kidea da gaur egun. Hark aipatu duenez, denboraldi honetan mailaz jaistea erabaki behar izan du taldeak, jokalarien bajak direla-eta ez baitziren lehen mailan gustura aritzeko moduan ikusten.
Erabaki horrek partiduetara datorren zaletu kopuruan eragina izan ote duen galdetuta, zera dio: "jende gutxixeago etortzen da, bai. Baina zapatuko derbian, esaterako, harmailak bete-bete egin ziren".
Arandok azaldu duenez, bada lehen taldearen partidu guztietara joaten den lagun talde bat, Patata braba izenekoa. "Ez dute hutsik egiten eta sekulako giroa jartzen dute harmailetan", dio.
Prestakuntza hobea orain
Ramon Arantzabalek azaldu du bera jokalari zen garaian jende ugari joaten zela partidutara: "maila oneko taldea geneukan". Orduan orain baino jende gehiago joaten zela dio. Arantzabalek igarri duen beste desberdintasun bat entrenatzaile eta jokalarien prestaketa maila da, "fisikoki, teknikoki eta taktikoki": "zentzu horretan, esan dezakegu eskubaloiak eboluzio positiboa izan duela. Klubeko zuzendaritza lan ona egiten ari da, baita jokalari eta teknikoak ere".
Konpromisoa eta giro ona
Arandok azpimarratu zuenez, senior taldea osatzen duten jokalariek "pistan akatsak egin ditzakete, baina gogo eta inplikazio aldetik ez dute inoiz ere hutsik egiten". Nabarmendu zuen taldearekiko konpromiso hori argi ikusten dela entrenamendutan, eta baita partiduetan ere: "azken urteotan taldeak izandako arrakastaren arrazoi nagusietako bat da", esan du. Izan ere, azken 6-7 urteotan lortu du Arrasateko Eskubaloi taldeak haren maila gorena, Nazional Lehen mailan izatea, alegia.
Baina konpromiso horretaz eta lan gogorraz gain, "familiarteko giroa" nagusi da taldean: "koadrila bat gara", dio Arandok. Adibide moduan, esan du zapatuko derbiaren ostean jokalariek Iturripe kanpoaldean mahai bat jarri eta piknik bat egin zutela, Oñatiko jokalariak ere bertan geratzera gonbidatuz. "Eskubaloian lagunak egiten dira", esan du Andoni Arandok.