Langilea, J.Z.E., baja hartuta dago aurtengo otsaila ezkero, mesotelioma pleurala diagnostikatu ziotenetik, hain zuzen ere. CCOO sindikatuak eman du honen guztiaren berri, eta, azaltzen duenez, gaixotasun horrek "zerikusi zuzena" du amiantoarekin lan egin izanarekin. J.Z.E.-k 42 urtean egin du lan Ifamen, urte gehienak mantenimendu-langile gisa, eta gero, delineatzaile lanetan.
CCOOko langileen ordezkariak eta beste langile batzuek ziurtatu dute J.Z.E.-k mantenimendu-langile izan zela. Bere zereginen artean zegoen prentsen ferodoak aldatzea. Osalanek baieztatu du ferodo horiek amiantoa zeukatela, eta material hori, langileak egiten zuen lanaren ondorioz, inguruan sakabanatzen zen. Osalanek eta CCOOk gaineratzen dutenez, enpresak ez zion arriskuaz ohartarazi. Horregatik, Osalanek enpresari eskatu dio amiantoarekin kontaktuan egon ziren langileen zerrenda, lan-osteko zaintza egin ahal izateko.
Euskadiko CCOOko Lan-osasun arduradun Alfonso Riosek amiantoa erabili zuten enpresa guztiei exijitu die Osalani emateko amiantoarekin kontaktuan egon ziren langileen zerrendak. Sindikatuaren esanetan, gaur egun, "enpresa askok errealitate hori isilpean gordetzen dute".