Batetik, astelehenean jarri zuten martxan erakusketa bat baino gehiago izateko asmoz heldu den Gezurkeriak etorkinei buruz ekimena: "Erakusketa baino gehiago, tailerrak dira garrantzitsuena proiektu honetan. Tailerra da funtsa. Nolabaiteko lan bat eskatzen dio ikusleari; herritarrek etorri, irakurri eta idatzi dezatela nahi da. Pertsona migratzaileen gainean samur sortzen ditugun zurrumurru, irain eta jarrera ezkor horiek prebenitu gura dira", adierazi du udal bibliotekari Asun Agirianok.
Argituz proiektuaren eskutik ekarri dute ekimena eta Agirianoren arabera, Euskal Herrian ez dira erakusketa asko izaten marko teoriko hori lantzen dutenak. Herriko ikastetxeekin dihardute bereziki: "Enpatia eragiten dugu. Parte hartzaileei eskatzen zaie pertsona zehatz batzuen larruan jartzea". Juan Ibarrondo idazleak eta Marta Gil artistak sortutako proiektua da: "Oso proiektu parte-hartzailea da, aukera oso interesgarria", uste du Agirianok. Urriaren 30era arte dago zabalik, Kulturateko klaustroetan; parte hartzeko: 943 25 20 25.
Pop musika jostailuen bidez
Gaur, Bibliotekaren Egunaren bezperan, kontzertu berezia izango da Kulturateko areto nagusian (18:00). Pilarik gabeko jostailuekin jotako haurrendako pop musika egiten duen 2 Princeses Barbudes talde kataluniarra dator. Helena Casas eta Marc Marcé Gaueko entziklopedia koxkorra liburu-diskoarekin etorriko dira, familia osoarendako plan ederra izango dena. Musika, jolasa, clown-a eta entzuteko zein ikusteko poesia eskainiko dute: "Bitxia da, oso bitxia. Familiendako ikuskizunen eremu zabalean, oso bestelakoa den proposamena da".
Liburu elektronikoen bi irakurgailuren zozketa egingo dute urri amaieran, hil osoan zehar liburuak maileguan eraman dituzten erabiltzaileen artean.