Ekimen txikiekin helburu handiak lortzea posible dela uste dute Arrasateko Emakume Txokoan. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidea luzea da oraindik, eta bide hori laburtzen laguntzeko urtez urte ikastaro eta tailer interesgarriak antolatzen dituzte: "Emakumeak elkarrekin egotea, eta eztabaidatzea, hausnartzea eta trebatzea. Zentzu horretan antolatzen ditugu ikastaroak Emakume Txokoan; azken finean, Berdintasun Sailetik bultzatu gura dena da gizarte eraldaketa bat non emakumeen eta gizonen berdintasuna lortuko den", adierazi du Emakume Txokoko dinamizatzaile Esther Lizarraldek.
Motibazioa lantzen, jarrera proaktibo batetik
Iraila amaieran eman zuten abendura arteko ikastaro eta tailerrak jasotzen dituen egitarauaren berri, baina oraingoan programa horretaz kanpo antolatutako bi ikastaro dituzte esku artean, biek zortzi orduko iraupena dutenak, eta biak dira emakumeei zuzenduak. Lehena, norberaren motibazioarekin lotutako ikastaroa da: "Motibazioa landu nahi dugu. Gauzak lortzeko kemena eta gogoa landu egin daiteke. Ikastaro honetan planteatzen dena da norberak arlo pertsonalean zein profesionalean izan dezakeen motibazioa nola hobetu. Jarrera proaktibo batekin motibazioa hobetu nahi dugu, horrek eragin dezan gure bizitza pertsonalean eta baliagarria izan dadin arlo profesionalean. Eta, bide batez, arlo sozialean ere eragiteko", dio Lizarraldek. Nerea Redondo izango da irakaslea eta lau saio egingo dute urrian, azaroan eta abenduan zehar. Langabeek 12 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoak, berriz, 15 euro.
Ziberfeminismoa zer den ikasi nahian
Bestalde, bigarren ikastaroan Interneten ematen diren jarrera matxistak izango dituzte aztergai, besteak beste: "Interneten eta sare sozialetan gizonen eta emakumeen artean ematen diren ezberdintasunak aztertuko ditugu. Susana Manzanedo psikologoa da eta aditua da genero estereotipoetan eta sexuen araberako roletan. Interneten ere rol horiek nola erreproduzitzen diren eta indarkeria mota berriak nola ematen diren ikertuko dugu". Susana Manzanedok lau orduko bina saio gidatuko ditu, urriaren 31n eta azaroaren 7an. Ikastaro horren prezioa da 15 eurokoa langabeendako eta 17 eurokoa gainerakoendako.
Azken eguna, urriaren 22a
Bi ikastaro horietan izena emateko azken eguna urriaren 22a izango da, eguena. Interesatuek 943 79 41 39 telefono zenbakira deitzea gomendatu dute antolatzaileek argibide guztiak jasotzeko.