Argazki lehiaketak Errekaren Astea abian jartzen duen arren, ez da bertan bukatzen ekintza programa. Urriaren 27an, Ibai-arroa, ibaia baino gehiago hitzaldia emango du Iñaki Antiguedadek Kulturaten. Hilaren 31an ibilaldia antolatu da Aramaio erreka arroan lur azpitik, eta gero espezie inbaditzaileen problematikari buruz hitz egingo da. Azkenik, Azaroaren lehenean, erreka garbiketa egingo da.
Debagoieneko mankomunitateak aurreko urtean ekoiztutako bideoa zabaldu du Arrasateko Udalak. Bertan, Deba ibaiari eta bailarako ingurumenari buruz berba egiten da.
ERREKAREN ASTEKO EGITARAUA:
- Urriaren 19tik 31ra, ARGAZKI LEHIAKETA, GAIA: ARRASATEKO ERREKAK. Argazkiak bidaltzeko, argazkiak@arrasate.eus posta elektronikoa baliatu da. Bi kategoria daude, 17 urtera arte, eta 18tik gora. Azken eguna Urriaren 31a izango da. Pertsona bakoitzak gehienez bi argazki bidali ahal izango ditu. Formatu digitalean jasoko dira, horrez gain, titulua, izen-abizenak, adina eta telefono kontaktua gehitu beharko dira.
- Urriaren 27an, martitzenean, IBAI-ARROA, IBAIA BAINO GEHIAGO hitzaldia Iñaki Antiguedaden eskutik Kulturaten, 19:00etan.
- Urriaren 31an, zapatuan, IBILALDIA ARAMAIO ERREKA ARROAN LUR AZPITIK (Muzibarretik, Maalako biribilgunera), eta ESPEZIE INBADITZAILEEN PROBLEMATIKARI buruzko solasaldia. Elkargunea 10:00etan Muzibarko biribilgunean. Ondoren hamarretakoa. Katiuskak edo botak eta linterna eraman behar dira.
- Azaroaren 1ean, domekan, ERREKA GARBIKETA. Elkargunea 09:30tan Laubide plazan. Ondoren Hamarretakoa. Oinetako eta arropa egokiak eraman beharko dira.
Ibilbidean eta erreka garbiketan parte hartzeko izena eman beharko da urriaren 28rako.