Emakumeak protagonista 'Zaintza plazara' ekitaldian

Txomin Madina Milikua 2015ko urr. 9a, 16:33

Zaintza plazara izeneko performance-a egin zuten atzo Arrasaten jatorri eta adin askotariko emakumeen parte-hartzearekin. Euskal Herriko Mundu Martxaren harira egin  zuten ekitaldia, historikoki emakumeek burutu izan duten zaintzaile funtzioan nabarmentzeko helburuarekin. Albiste barruan, iraitz Agirrek ekitaldirako idatzitako testua.

ZAINTZA PLAZARA

Taupadak, banaka

Ganbelatik orea hartu, esku artean dantzatuz, egurraren gainean pausatu eta altzoan ondo eutsiz, orea irauliz, kolpatuz, bateratuz, goxatuz, irin artean irristatuz, eman eta berriro emanez.

Kondairak dioenez, horrela sortu ei ziren mundua dantzan jartzen duten taupadak. Himalayako ibarretatik sabanaraino, Islamabadetik Atlaseko oasietaraino, Serenako bailaratik Arrasateko kobazuloetaraino, eman eta emanez …

Milaka urtetan zehar munduko lau hegaletako milioika emakumek, goizero goizero gure lanarekin mundua berreraikitzen dugun emakume izendatuek, emakume izenaren alde edo kontra gabiltzanak, etxeko suaren inguruan sortu ditugu bizitza bizitzeko bizigaiak, bihotz eta gorputzaren elikagaiak, mintzoaren eta esanguraren zentzugaiak … eman eta emanez …

Taupadak, binaka

Taupada horiek isilarazi eta mututzen dituen sistema harrapari eta sarraskijalearen zama daramagu bizkar gainean ordea, gure gorputzak eta gure lurraldeak kolonizatzen dituen zama eta pisua. Baina gure gorputzak, gure lurraldeak dira, gure askatasuna, gure ardura. Gure gorputzek eta gure lurrak balioa dutelako, baina ez dutelako inondik inora preziorik. Gure gorputzak eta gure lurraldeak, ez direlako konkista territorioak.

Quebeketik, Ginebra eta New Yorkera arte. Munduko hamaika puntatatik Porto Alegre eta Bukavura arte. Kurdistandik Euskal Herrira eta Lisboara arte. Milaka urtetan zehar, munduko lau hegaletako milioika emakumek egin bezala, denon etxea den plaza honetan batu gara gaurkoan, mundua dantzan jartzen duten taupadak berriro entzungai izateko, plazara jalgiz, gure amaren sua berpiztuz, Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin eta aske izan arte martxan jarraituko dugula ozen plazaratzeko.  Eta erritmo honen dantzara gure jendartearen eta gure gorputzen merkantilizazioa ezbaian jartzen dugu, ondasun komunalak eta elkar zaintzeko komunitateak berreskuratzearen beharra aldarrikatzen dugu, gure gorputzak patriarkatuaren eta kapitalaren erritmora dantzatzeari uztea nahi dugula ozen diogu, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bizi nahi ditugulako. Eta gure eta gure ingurukoen gorputzak, zein gure lurraldeak eta gure planeta beraren zaintza, plaza eta esparru publikoaren erdigunean jarri ezean, bizitzea merezi duten bizitzak bermatzea ezinezko izango zaigulako. Zama eta pisu honek eragiten digun mina norbanakoarena baino, denona delako.

Taupadak fuerte

Horregatik, eman eta emanez jarraituko dugu. Askeak eta arduratsuak izan nahi dugulako, bizitza duin eta zoriontsuak garatu nahi ditugulako, berdintasun ezean oinarritutako generoen arteko harremanak gainditu nahi ditugulako. Feminismoaren bideak batzen gaituelako eta bide horretan martxan jarraituko dugulako. Altxatu ditzagun bandera moreak airera, mundua dantzan jartzen duten taupadak Arrasateko plazatik munduan zehar entzunarazteko..

Gure gorputzak, gure lurraldeak.
Nuestros cuerpos, nuestros territorios.
Our bodies, our territories.
Hāmrō śarīra, hāmrō ilākāmā
els nostres cossos, els nostres territoris
nos corps, nos territoires
nossos corpos, nossas territórios
unsere Körper, unsere Gebiete

Denok aske izan arte martxan jarraituko dugu.
Andrak, EMUN!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak