Hasteko, Azalerako ipuinak ekimenaren arrakasta aipatu du Agirianok: "Hirugarren ikastaroa da, eta jendeak kanpoan geratu behar izan du. Laugarren bat antolatuko dugu, kanpoan geratu direnak lehenetsita. Bailaratik jendea ere etorri zaigu...". Tailer bereziaren helburua da ahozko tradizioa eta haur literatura ezagutzea. Masajeak eskaintzen duen hitzik gabeko komunikazioa baliatuz, hitz jokoak, poemak, kantuak eta ipuinak lantzen dira. Gaur, eguena, bigarren saioa egin dute, eta hilaren 15ean amaituko da; Saroa Bikandi hezitzaile durangarrak dihardu ikastaroa gidatzen.
Ipuin kontalaria
Umeendako ipuin kontalaririk ere ez da faltako. Maite Frankok Nire etxea zure etxea da saioa gidatuko du, adinen araberako bi emanalditan: "Hilero ipuin kontaketa saio bat antolatu gura dugu", gaineratu du Agirianok.
Aurreiritziak gainditzeko bide
Bibliotekaren Egunaren bueltan antolatutako "beste ekintza interesgarri bat" da Batxilergoko ikasleei zuzendutako Gezurkeriak etorkinei buruz deritzon erakusketa eta tailerra. Etorkinen gaineko aurreiritziei eta zurrumurruei "narratibatik eta irudi artistikotik" aurre egitea dute helburu erakusketak zein tailerrak. Bestalde, umeendako zuzeneko musika ere badakar egitarauak. Gaztelupeko Hotsak-en bidez 2 Princeses Barbudes ikuskizuna antolatu dute, umeendako: "Zuzenean gozatzeko emanaldia izango da, eta besteak beste, jolasteko euskarazko abestiak eskaintzen ditu". Hilaren 23an izango da, Bibliotekaren Egunaren bezperan.
Bi liburu irakurgailuren zozketa
Egitaraua borobiltzeko, bi liburu irakurgailu zozketatuko dituzte urrian zehar liburuak maileguan eramaten dituzten erabiltzaile guztien artean.