Arrasaten 1925ean jaio zen Margarita Arenatza Zaldibar frontoian hasi zen pilota modalitate hori praktikatzen; Deban segitu zuen eta ondoren, Bartzelonara salto egin zuen. "Bartzelonako frontoian Mondragonesa izenordearekin aritu nintzen. Txapelketa bat irabazi nuen frontoi hartan eta 750 pezeta ordaintzen zidaten. Kopuru polita zen baina gastu handiak genituen. Justi La Vasquita lehengusina nuen orduko erreferentea Bartzelonan", kontatzen du Velez de Mendizabal historiagileak.
Bartzelona-Madril-Mexiko
Bartzelonatik Madrilera eta handik Mexikora joan zen Margarita Arenatza ondorengo urteetan, zehazki 1953an lehenengo eta 1956tik 1974ra bitartean gero, bere karrera profesionala bukatu arte. "Nire ahizpa Juanitari La brazos de hierro esaten zion Mexikoko prentsak. Niri buruz, La pantaletas mil colores idatzi zuten inoiz. Edozein modutan, guk frontoian eman genuen dena eta oso harro nago. Horregatik diot, berriz ere munduratuko banintz, raketista izango nintzatekeela. Pilotak bizitza desberdin bat eskaini zidan eta pilota maite dut", azpimarratu zuen Margarita Arenatzak.
"Raketa ez da egokia emakumeentzat"
Josemari Velez de Mendizabalek kontatzen duen moduan, pilotan, raketisten modalitatea dagoeneko ez da existitzen. 1980ra arte biziraun zuen. Desagerpen horren atzetik, besteak beste, zela ez, matxismoa zegoen, hona hemen bestela Espainian sortutako pilota federazioko lehen arduradunaren berbak, Moscardo jeneralarenak: "Raketa ez da egokia emakumeentzat, lehen lehenik ama izatea pentsatu behar dutenak".
Kontakizun osoa irakurtzeko Hots Begi Danbolinak blogera jo daiteke.